PSE-EEk bere egoitzaren kontrako erasoa salatu du

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 21a, 01:00

Hernaniko PSE-EEk asteazken gauean bere egoitzaren kontra egindako erasoa salatu du. Salaketa Hernaniko udal bozeramaile den Jose Ramon Chicak egin du, Hernaniko sozialisten izenean. Bere hitzetan, ´berriz ere, herri honen ahotsa isilarazi nahi izan dute, herriaren ordezkariak erasotuz`. Prentsa ohar baten bidez, jakinarazi dute ´ez dela lehenengo aldia, eta ez dela azkena izango, sozialistak ikaratu nahi izango dituztena`, izan ere, ´bada jendea eroso sentitzen dena gatazkarekin eta ez du herritarren arteko elkarbizitza baketsuaren alde egiten`. Udal Bozeramaile Batzordeak erasoa salatu du Hernaniko udal bozeramaile batzordeak ere salatu du erasoa. Mozio bat, Alderdi Sozialista, EAJ, EA, EB eta Alderdi Popularraren botoekin onartu da. EAE-ANV alderdia abstenitu egin da eta beste mozio bat aurkeztu du. PSE-EEk aurkeztutako mozioan, erasoa salatzeaz gain, babesa eta elkartasuna adierazi diote Alderdi Sozialistari eta dei egin diote MLNVari, ´kasu egin diezaion Hernanik duen bake nahiari eta ez dezan erabili indarkeria bere ideiak ezartzeko`. Bestalde, esan dute ´elkarrizketa eta legeak betetzea` direla ´terrorismoaren arazoari aurre egiteko bide bakarra`. Azkenik, mozioan, dei egin diete Hernaniko herritarrei, alderdi politiko baten egoitzaren kontra egindako eraso hau salatu dezaten, ´egun beharrezkoa baita kalera ateratzea, biolentziaren aurka eta bakearen alde azaltzeko`. EAE-ANVren mozioa EAE-ANV alderdiak beste mozio bat aurkeztu du eta hau ere onartu egin da. Mozioa EAE-ANV eta EBren botoekin onartu da; EAJ abstenitu egin da eta EA, PSE-EE eta PP aurka azaldu dira. Mozioan Sestaoko atentatua, PSE-EEko egoitzaren aurkako erasoa, 18/98 auziaren epaia, Marije Fullaondoren atxiloketa, EAE-ANVren ilegalizatzeko eskaria eta larunbatean Hernanin debekatu zen Etxeraten ekitaldia aipatzen dira, besteak beste, ´bizi dugun auzi politikoaren adierazpen` gisa. Mozioan, egoeraren azterketa orokorra egitea eskatzen da, izan ere, ´soilik bizi dugun egoera bere osotasunean aztertuz lortuko dugu indarkeria espresio guztien desagertzea`. Bestalde, Hernaniko EAE-ANV udal taldeak bere lanerako konpromezua berretsi du, helburu hau lortzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!