Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeak bere lehen urteurrena bete du. Horregatik egun seinalatu honetan beharrezkoa iruditzen zaigu igarotako ibilbidearen hausnarketa laburra egitea: Gaur bezelako egun batean Hernaniko Gazte Asanbladak Udalak abandonatutako eraikin publikoan okupazio baketsua egin zuen. Horrela sortu genuen Hernaniko gazteentzako espazio autogestionatu liberatu berria: Kontrakantxa gaztetxea. Beste behin ere, ez ginen aldarrikapen soiletara mugatu eta ekintzak antolatzen hasi ginen gaztetxe barruan eta kanpoan. Berehala Udalarekin harremananak hasi genituen eta gazteekin prozesu partehartzaile bat abian jartzeko proposamena plazaratu genien. Ezezko borobila izan zen erantzuna eta okupazioarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen, nahiz eta Udalak horretarako traba ugari jarri. Udal Gobernua alderdikeria gordinean erori zen eta hauteskundeetan paratu zituen bere begiak, gatazka honi konponbidea ematea atzeratuz. Hauteskundeak iritsi ziren eta ´Kontrakantxa mugimenduak` emaitza positiboa ekarri zion kanpaina politikoari, izan ere, behingoz herriko zenbait alderdi gazteen problematika islatzen saiatu ziren euren agenda politikoan, modu batera ala bestera. Hauteskundeak udal talde berria ekarri zuten. Aldaketa berriek eta negoziazio berriek sortutako freskotasunak baretasun aro berria zabaldu zuen. Oraindik ere gaztetxearen etorkizuna ez dago argi. Kontrakantxa alderdi politikoetatik aparte funtzionatzen du, baina ideia politikoekin konpromisoa erakutsi du orain arte, eta erakusten jarraituko du. Horretan datza gure filosofia eta autonomia. Gure bidea urratuz orain borrokari eutsiko diogu. Gora Kontrakantxa gaztetxea! Kontrakantxa gaztetxeko kideak: Iker Blas, Xabi Apaolaza, Urtzi Zabaleta, Alaia Esnaola eta Beinat Aginagalde