BAILARAKO Parrokiarteko Espetxe Pastoraltzak antolatuta, opari bilketa izango da Martuteneko espetxeko presoentzako. Opari bilketa bihar arratsaldeko 19:30etatik 21:00etara egingo dute, Izpizua kaleko parroki bulegoan. Aldez aurretik zerrendatu dituzte presoek gustora hartuko lituzketen opariak: gosarirako katilua, barruko arropa garbia gizonezko zein emakumezkoentzako, galtzerdiak, Telefonicaren PIN-ik gabeko telefono txartelak, tabako rubio eta metxeroak, hortzetako pasta eta eskuilak, gutun-azalak eta selloak, txanpua, bainatzeko gela, desodorante barra, azkazalak moztekoa, pilak, turroi biguina eta bainua txankletak (41etik 44rako zenbakikoak).
Astero harremanetan
Badira urte batzuk Gabon ondoan presoentzako opari bilketa egiten dela, ez Hernanin eta inguruko herrietan bakarrik, Gipuzkoa osoa egiten da bilketa. Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez astero izaten dute harremana presoekin, ez bakarrik Gabonetan. Aipatu dute presoek oso modu ezberdinetako beharrak izaten dituztela, eta beharrak are eta haundiagoak izaten direla etorkinen kasuan edo familiarekin batere harremanik ez duten presoen kasuan.
Behar ezberdinak
PRESOEK modu ezberdinetako beharrak izaten dituzte eta Parrokiarteko Espetxe Pastoraltza laguntzen saiatzen da. Laguntza ekonomikoa eta aurreneko beharrak asetzen saiatzen dira, tramite eta papeleoak egiten ere laguntzen dute. Posible den kasuetan familiarekin harremanetan jartzen saiatzen dira, eta eskura dituzten zerbitzuen berri ere ematen diete.