Zilarrezko ezteiak ospatzeak zaila badirudi ere, zilarrezko anbulantzia bat lortu dute Hernanin hainbat boluntariok. Izan ere, DYAk Hernanin duen baseak 25 urte bete ditu aurten. Ez da marka makala gero, 25 urtez guztiz zilarrezkoa izan ez den ibilbidean zehar aurrera egitea eta hernaniarron zaintzaren ardura horren ongi betetzea!
DYAk Hernanin duen baseak 25 urte bete baditu ere, ´Gelditu eta Lagundu´ (´Detenerse Y Ayudar´) sortutako talde honi Bizkaian eman zitzaion hasiera. 1966an, artean, ez zegoen errepideetan laguntza eskaintzeko inolako talderik. Ezbeharren bat gertatuz gero, zauritutakoak norberaren automobilean hala moduz sartu, eta leihotik zintzilik zapi zuria dantzan jarrita, gertuen zegoen ospitaleraino joan beharra zegoen. Juan Antonio Usparicha ordea, arazoarekin kezkatuta, konponbidea bilatzen saiatu zen, eta hala, Errepideetarako Laguntza elkartea sortu zuen 1966an. Hasieran, zaila izan zen, ez anbulantziarik, ez baliabide ekonomikorik ez zegoelako. Baina elkartea sortu eta urtebete beranduago lehen bi anbulantziak lortu zituzten Usparichak, eta Jose Luis Boraita, Juan Antonio Ipiña, Jose Ignazio Gallego eta Martin Fernandez sorosleek. Pixkanaka elkartea handitzen joan zen, eta hamar urteren buruan 10 anbulantzia lortu zituzten. Lehen baseak Boroan (Zornotza-Etxano) eta Muñatosen (Somorrostro) ezarri zituzten, baina lehen 10 urte haietan Bizkaia osoan zehar hedatu ziren. Geroxeago, Bizkaitik Gipuzkoara egin zuten salto, eta hortik, espainiar estatuko hainbat probintziatara.
DYA Hernanin, 25 urte lanean
1973. urtearen bueltan Usparicha jaunak eta Juan Antonio Malok elkar ezagutu zuten. Malo DYAko anbulantziarekin interesatu zen, eta Usparichak azaldu zion euren funtzionamendua eta antolakuntza. Horrela, Gipuzkoan ere errepideetan laguntza eraginkorra eta segurua eskainiko zuen talde bat behar zela pentsatu zuen Malok, eta martxan jarri zen. La Voz de España egunkarian egiten zuen lan orduan, eta Gipuzkoan errepideetarako laguntza taldea sortuko zela albistea eman zuen. Berehala hasi zitzaion jendea galdezka eta laguntza eskaintzen. Gaur egun, DYAko baseak Gipuzkoako hainbat herritan daude. Hala nola, Donostian (base jenerala), Antzuolan, Arrasaten, Zarautzen, Azpeitian, Eibarren, Hondarribian, Mutrikun, Lasarte-Orian, Ordizian, Usurbilen, Tolosan, Oreretan, eta nola ez, Hernanin. Gure herriko lehen zerbitzua 1981eko azaroan egin bazen ere, DYAk 82an lortu zuen erakunde gisa errekonozimendua eta, lanerako tokia eta materiala. Lehen basea udaletxean bertan izan zuten, hilabete batzuetan zehar. Ondoren, gaur egun Musika Eskola dagoen horretan izan zuten lekua, Alkoholiko Anonimoen taldearekin batera konpartitzen zutena. Eta azken urteak anbulatorio zaharra zegoen lekuan eman dituzte, euskaltegiarekin batean. Euskaltegia handitzeko lanak direla eta, agian Udalak beste base bat emango dio DYAri, baina oraindik jakiteko dago.
Cesar Medina - Hernaniko DYAko delegatua
«Boluntario asko lehenago DYAren laguntza jasotakoak dira»
CESAR Medina Hernaniko DYAko delegatua da, eta urteak daramatza boluntario lanetan. Benetako ogibidea farmazeutikoarena du, baina DYArekin daramatzan urte guzti hauetan, ordu libre asko eskaini ditu gainontzekoei laguntzeko hainbat lanetan: larrialdietarako anbulantzian, gizarte-laguntzako taldean, erreskateetan, prebentzio lanetan... Orain delegatu gisa dabil, eta boluntarioen ordutegiak konpontzen, zerbitzuak antolatzen, talde guztien lana koordinatzen, materiala errebisatzen... aritzen da.
Gehien ikusten den lana larrialdi egoeretan anbulantziak eskainitako zerbitzua da, baina lan asko izaten duzue bestela ere, ezta?
Azken batean, DYA errepidean laguntza eskaintzeko erakunde gisa sortu zen, eta ideia hori du jende gehienak buruan. Baina egia da sortu zenetik elkartea zabaldu eta lanak areagotu direla, eta ez gara larrialdi garaietan soilik martxan jartzen. Istripuak ez izateko prebentzioa garrantzitsua da, eta lan asko egin dugu arlo horretan. Horrez gain, gizarte-laguntza handia eskaintzen diegu, batez ere, gaixo daudenei edota laguntza gehiago behar duten adinekoei. Eta larrialdi egoeretan ez ezik, babes gisa kontzertu, festa, eta ekitaldi jendetsu askotan egoten gara.
Lan hori guztia egiteko boluntario asko dago Hernanin?
Boluntario kopurua garaiaren araberakoa da, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Oraintxe bertan, 20-25 bat pertsona izango gara Hernanin. Azken batean, bakoitzak ahal duena egiten du, denok dugu beste ogibide bat.
Boluntarioez gain, dirua ere behar da. Nola lortzen duzue?
DYAren oinarri ekonomikoa jendearen laguntzatik dator. Laguntzeko modu asko daude, eta denbora librerik eskaini ezin duen askok diru-laguntza handiak ematen ditu, eta kopuru txikiak izanda ere, beti dira lagungarri. Jendeak badaki lan handia egiten dugula, eta bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen du.
Jendearen esker ona nabaritzen duzue, edo gehiengoa ez da konturatzen egiten duzuen lanaz?
Jendea ohartzen da bai. Modu askotan eskertu izan digute. Boluntario asko lehenago DYAren laguntza jasotakoak dira. Bestalde, gogoan dut SAMUReko kongresu batean ginenean, gosaltzeko taberna batera sartu, eta tabernariak gonbidatu gintuen DYAkoak ginelako. Modu berezian ere eman dizkigute eskerrak: 83ko uda partean uholde larriak izan ziren Hernanin, eta Karabel auzoko etxe batean haurdun zegoen emakume bat harrapatuta geratu zen. DYAko erreskate taldeak atera zuen handik, eta emakumeak, haurra jaio zenean, Diana deitu zion, DYAren omenez.
Baina momentu ederrez gain, gogorrak ere biziko zenituzten, ezta?
Niri gogorrenak egin zaizkidan egoerak trenak harrapatutako norbaitengana joandakoak izan dira. Orain 3 urte, San Joanetan, hala hil zen mutil gazte bat. Aurten ere, Sagarrondotik festan gazte bat eta Andoainen 2 pertsona harrapatu ditu trenak. Horrelako momentuak oso gogorrak dira, normalean, kasu horietan ezin baita ezer ere egin, eta egoera oso txarrean egoten da. Ohitzea posible den neurrian ohitu nintzen momentu gogor horietara, baina bada jendea oso gaizki pasatzen duena. Hala ere, DYAko beste hainbat zerbitzutan laguntzen du. Norberaren esku dago, eta lan asko egoten dira larrialdi zerbitzuaz gain.
Boluntario taldea izanik, zein motatako prestakuntza izaten duzue larrialdi momentuetan gaixoak laguntzeko? Edozein boluntario igo daiteke anbulantzian laguntzera?
Ikastaroak denok egiten ditugu noski! Lehen-lehenik DYAk berak antolatzen dituen lehen larrialdietarako sorospen ikastaroa egin behar da. Ondoren, erakundearen barruan ere ikastaro gehiago egiten ditugu: desfibriladorea erabiltzen ikasteko DEA ikastaroa, anbulantziako materialak erabiltzen ikasteko beste bat, larrialdietarako tekniko izateko TEN ikastaroa... Horrez gain, anbulantzian lehen aldiz lanean hasten den boluntarioak beterano bat izango du beti alboan. Hasieran sendaketa errazenak egingo ditu, baina pixkanaka, beteranoari lagunduz, gehiago ikasiko du.
Larrialdietarako 112 telefonoa ezagunagoa da agian. Nolatan ez
zaudete talde horren barruan?
Hasiera batean zerbitzu horren barne ginen. Baina gu boluntario talde txiki bat gara, eta 112 zerbitzua oso zabala da; anbulantziak, suhiltzaileak, polizia... Pixkanaka enpresa pribatu dezente sartu ziren zerbitzu horretan eta gu kanpoan geratu ginen.
Hori ez da oztopo? Jendeak deitzen dizue zuei? Kolaboratzen duzue beste taldeekin?
Ez dugu arazorik. Jende askok ezagutzen du gure telefonoa eta askotan deitzen digute. Larrialdi egoeran dagoen pertsona batentzat segundorik motzenak ere luzeegiak egiten dira, eta 112 zenbakira deitzeaz gain, guri ere deitzen digute, lehenago nor iritsiko. Gainera, tarteka elkarlanean aritzen gara. Hernanin, anbulantziaz gain, 4X4 auto medikalizatua ere badugu. Horregatik, norbait mendian galdu denean adibidez, Babes Zibiletik deitzen digute laguntzeko.
Azken batean, hernaniarrrak lasai egin gaitezke ezta?
Horretan saiatzen gara noski! Egunero, 8 orduko 3 txanda egiten saiatzen gara boluntarioen artean. Egunen batean ezinezkoa bada, inguruko herrietako baseekin betetzen da zerbitzua. Baina beti dago norbait base horietan, deia jaso eta laguntza ziztu bizian bidaltzeko.