Eguberritako zinemaren gida txikia

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 23a, 01:00

XABIER ERDOZIA ‘LOU’
Hemen dira ba Eguberriak. Eta garai honetan, turroia eta polboroiak jateaz gain, haur eta gazteen oporraldia dugu. Horregatik, ekoizpen etxe gehienek beraiei zuzendutako film ugari ikusgai jarri dituzte. Proposamen asko daude, bai, baina aurten ez daukagu film bikain bat azpimarratzeko zoriona. Hala eta guztiz ere, badago zer ikusirik haurrekin zineman .

`LA BRÚJULA DORADA` (Antiguo Berri, Oskar La Bretxa)
Philip Pullman idazlearen Dark materials izeneko trilogiaren lehenengo liburuan oinarritutako film honek ikusgai dagoen garestienetarikoa da. Halere, horrek ez du esan nahi interesgarriena denik. Produktoreek eta Chris Weitz zuzendariak El señor de los anillos, Harry Potterren filmak, baina batez ere, Narnia bezalako filmeek izandako arrakasta lortzeko asmoz osatu dute . Eta helburu hori lortzeko xedez, Nicole Kidman eta Daniel Craig aktore ospetsuak kontratatu dituzte, eta efektu berezi ikusgarriz josi dute filma. Ondorioa: film erraldoia eratu dute, bai, baino originaltasun eza nabaria da. Azaltzen den guztia ikusgarria da, bai, baina ez du sorpresarik sortzen, lehen beste pelikuletan ikusitakoarekin harrituta geratu baginen ere. Dena dela, film entretenigarria da La brújula dorada. Handia, ez oso originala, baina ikusgarria.

`BEE MOVIE` (Antiguo Berri, Oskar La Bretxa, Urbil)
Bichos, Ant... eta orain Bee movie?. Badirudi intsektuak ezin hobeto doazela marrazki bizidunetan (gogoratu esate baterako La hormiga atómica, beste horien jatorria). Izan ere, oraingoan erleen mundua daukagu ikusgai Bee movie filmari esker. Baliabide tekniko guztiak erabiliz egina, Bee movie Steven Spielbergen Dreamworks ekoizpen etxearen azken filma da, eta Simon J. Smith (Shrek) eta Steve Hicknerrek (El príncipe de Egipto) batera zuzendu dutela azpimarratzekoa da. Proposamena ez zaie gaizki atera, baina ez du Shrek-ek adierazten duen sendotasuna. Halere, proposamen interesgarria da.

`Mr. MAGORIUM Y SU TIENDA MÁGICA`
(Oskar La Bretxa, Trueba, Urbil)

Hau da seguruenik ikusgai dagoen proposamenik interesgarriena. Fantasiaz beteriko film hau, ikusgarria eta originala izateaz gain, Dustin Hoffman eta Natalie Portman ezagunak ditu errepartoan. Gainera, bai istorioa, bai filmaren irudiak Roal Dahl idazle estatubatuarrak sortutako unibertsoetatik ez dabiltza urruti. Istorio originalari eta bi aktore izugarri horien lan bikainari efektu berezi izugarriak gehitu behar zaizkio. Azukre pixka bat soberan badu ere, filma arratsalde on bat pasatzeko modukoa da.

`PICCOLO, SAXO` (Printzipe Aretoan euskeraz)
Marco Villamizarek zuzendutako film frantses hau karteleran euskeraz daukagun bakarra da, eta txikientzat bereziki zuzendutako aukera hoberena da, dudarik gabe. Imaginazioz beteriko proposamen honi dinamismo pixka bat falta zaio animazioan, eta marrazkiak ez dira goraipatzeko modukoak, baina istorioa nahiko originala da eta pertsonaiak ondo bereizita daude. Beraz, tranparik gabeko film baten aurrean gaude. Gomendagarria.

HAUR ETA GAZTETXOENTZAKO DVDak
Filmak oparitzerako orduan, kontuan izango nukeen lehena Brad Birdenen Ratatouille da. Pixar-en filma aurten haurrentzat zuzendutako film aipagarriena da. Horrekin batera Los mejores cortometrajes de Pixar (1) jarri dute salmentan Disneykoek, eta bigarren DVD horrek ere ikustea merezi du, bertan urre bitxi ugari baitago. Estreinu horiez gain, eta prezio ederrean, Aarman Productionsen laburmetraiak bi DVDtan jarri dituzte salgai. Benetan izugarriak dira eta 8,95 eta 9,95 eurotan lortu daitezke. Horrez gain, Happy Feet eta Ice Age maisu lanak ere salgai dituzue prezio ederrean. Euskaratu dituztenen artean ez dago gauza askorik, egia esan. Azpimarratzekoak dira Frank Millerren Babe, txerritxo ausarta eta Babe txerritxoa hirian. Baita Juan Pablo Buscariniren Perez, gure sagutxo hori. Eta Bukatzeko, Irusoin eta Dibulitoon Studioko Cristóbal Molon eta Glup filmak beste munduko gauza ez izan arren, kontuan hartzeko produktuak dira.

------------------------------------------------------------------------------------

Helduentzako filmak
Interes gutxiko film ugarien artean, badaude merezi duten film batzuk, butakan eseri eta  goxo-goxo  gozatzeko modukoak.

`DESEO, PELIGRO`
 (Printzipe, Trueba)
Makina bat gauza idatzi dituzte Ang Leeren film izugarri honi buruz: luzeegia dela, irregularra, lehenengo zatiari erritmoa eta interesa falta zaiola... Nekagarria omen da zinemaldi bateko filme guztiak ikustea (gauza guzti horiek komunikabide ezberdinetako kritikariek aipatu baitituzte). Ezin omen da, ezta ere, egunero lau edo bost film behar bezala dastatu. Baina  Deseo, peligro maisu lanari buruz fundamentu gabeko hainbeste gauza esateagatik,  bat baino gehiagok  zigor gogorra mereziko luke.
Bere azken Brokeback Mountain izugarriarekin askok adierazi dutena baino zerikusi zuzenagoa du Deseo, peligro filmak.  Kasu honetan, Ang Lee maisuak espioi generoaren ezaugarriak erabiliz, desioaz eta arriskuaz mintzatzen da. Nahiz eta film txinatar baten itxura izan, filmak James Schamusen ekoizpena, Rodrigo Prietoren argazki lan bikaina (Amores perros, 21 gramos, Babel) eta Estatu Batuetako eta Txinako talde sendoaren lanaren ondorio da. Ang Leerek maisutasuna kamararen mugimendu lasai eta originaletan, informazioa momentu juxtuan emateko eran, eta Tony Leung eta Chiu Weiren lan bikainak lortzeko moduan adierazten du,  besteak beste. Maitasunaren gaiari ikuspegi berria eman dio  Ang Leek Deseo, peligro erraldoi honen bidez. Primerakoa.

`PERSÉPOLIS` (Antiguo Berri)
Marjane Satrapi zuzendari iraniarraren filma karteleran dagoen beste altxor bat da. Berak idatzi eta marraztutako komikian oinarritua, Persépolis-ek, neskatxa baten begiradaren bitartez, Iran herriko historiaren zati bat azaltzen du. Baina  hori baino askoz gehiago ere bada filma: poesiaz beteriko film hau bizitzaren gogortasunak eta samurtasunaz mintzatzen da, haurtzaroa eta heldutasunaren harteko pasarte gogorra aztertzeaz gain. Delikatua,  ederra eta ikusi beharrekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!