«Viteriren arkitektura mantentzen duen eraikin bakarra da Hernanikoa»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 16a, 01:00

Eulali Aranburuk Biteriri buruzko hitzaldia eman zuen astelehenean, Biterin bertan. Ikasle eta irakasle izana da bertako eskoletan, eta material asko bildu du, 100 urte luzeotako historiari buruz.

1908an egin zuten Biteri erakina, orain Hernaniko kultur etxea dena, Pedro Viteri Arana arrasatearraren eskariz eta Juan Jose Aginaga irundarra arkitekto zela, Gipuzkoako beste zenbait eskola bezalaxe. Gaur egun, Viteriren arkitektura gordetzen duen eraikin bakarretakoa da ordea Hernanikoa, gainerakoak bota edo aldatu egin baitituzte, Eulali Aranburuk joan den asteleheneko hitzaldian azaldu zuen moduan. Hernaniarrak barru barrutik ezagutu du Biteriko eraikina, bai ikasle eta bai irakasle izana baita bertan. Aranburuk azaldu zuen eskertzekoa dela Pedro Viterik herriz herri hainbeste ikastetxe eraiki izana, baina ondorengorik izan ez zuenez, bere fundazio hori ez dela gehiegi zaindua izan.

´Maistrak beti izan dira Euskal Herrian`

Eulali Aranburuk azaldu zuen berak beti ezagutu izan dituela maistrak Euskal Herrian: ´behar bada titulodunak ez, baina beti izan dira`. Edozein auzotan ematen zizkien oinarrizko eskolak inguruko baserrietako neska-mutilei, auzo bereko emakumeren batek, ´eta Biterira pixka bat koskortuta etortzen zen zenbait hasiera hartan, eta profesionaletara ere bai, lehen ikasketak auzoan edo etxean eginda`. Biterin 6 urtetik 12 urtera arte ematen omen zituzten eskolak garai hartan eta hori bukatzean, gehienak lanera eta, diru pixka bat zuten etxeetakoak zirenak, Donosti aldera. Biteri barruko anegdota zenbait kontatu zituen, ikatzaren koarto beltza, orduko materiala... ´koarto beltzetik ordenadorera izan da Biteriren historia` azpimarratu zuten hitzaldi bukaeran.

Lehengo garaiak gogoan

Hitzaldi hasieran aipatu zuen moduan, zeukan material eta informazio guziaren zertzelada bat besterik ez zen izan Eulali Aranburuk hitzaldian azaldu zuena, beste baterako lain geratu zitzaion. Galde erantzunen tartean jendeak bere anekdota eta gogorapenak kontatu zituen: bertako gosariak, irakasleak, orduko bizimodua... oroimenetan bizirik den 100 urteko historia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!