Gipuzkoako bertso txapelketako finala jokatuko da gaur bete-bete egindako Illunbe plazan. Zortzi bertsolari sailkatu dira finalera eta tartean, Hernaniko bertso eskolako lau bertsolari. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Jon Maia, Iker Zubeldia eta Aitor Sarriegi ariko dira. Gaur 17:00etatik aurrera Illunben.
Larogei bertsolarik hasi zuten ibilia eta zortzi iritsi dira final haundira. Gaur jokatuko da Gipuzkoako bertso txapelketako finala, Donostiako Illunbe zezen-plazan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kantuan ariko direnak, ezagunak dira gehienak: Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Jon Maia, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia. Egin beharreko lana: 14na bertso kantatzea; ondoren, bi onenek azken norgehiagoka jokatuko dute, buruz-burukoa, txapela zeinek jantziko.
Ikusmin izugarria piztu du gaurko finalak, eta Illunbek izugarrizko betekada hartuko du. 8.000 sarrera salduta daude, eta beste 800 jarriko dituzte gaur, Illunbeko takilletan, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Txapelketako 8 onenak
Lan oso ona eginda datoz finalera sailkatutako zortzi bertsolariak. Txapelketa hasi zenetik esaten zen maila haundiko txapelketa zela aurtengoa, eta inoiz baino irekiagoa ikusten zen finala. Bertsotan asko egin behar izan dute, beraz, finalera sailkatu direnek. Final dotorea espero da, kolore haundikoa, bertso modu ezberdinak biltzen dituena. Batzuk oso puntan ibiliak dira lehendik, eta beste batzuk kinieletan sartzen ez baziren ere, txapelketan demostratu dute zenbateraino diren.
Egin beharreko lanak
Lan luzea dute gaurko protagonistek. Bi fasetan banatuko da finala. Lehenengo fasean 14na bertso kantatu beharko dituzte: zortziko txikian, zortziko haundian, puntua emanda, hamarreko txikian eta kartzelako lana. Hor punturik gehien lortzen duten bi bertsolariak buruz burukora pasako dira eta hor 10na bertso kantatu beharko dituzte: puntutan, 6 puntuko motzean eta kartzelako lana. Orduan jakingo da zein den txapelduna.
Hernaniko bertso eskolako lau bertsolari
Hernaniarrik ez da faltako gaur Illunben, ez ikusten eta ez kantuan. Herriko bertso eskolan ikasitako 4 bertsolari ariko dira kantuan Illunben (Agirre, Irazu, Mendiluze eta Gaztelumendi), eta dakitena erakutsiz gero, ez du urruti behar txapela jantziko duen buruak.
Txapela Joxe Mari Altunak
Txapeldunari txapela jantziko diona Joxe Mari Altuna donostiarra izango da, bertso munduan egin duen ixileko lana guztia eskertu asmotan: Bertsozale elkartearen sorreran eta geroko eginkizunetan aritua, 1989tik egindako txapelketa guztietan idazkari lanak egin dituena, eta beste ezin konta ahala gauzetan parte hartua.
Final haundia, beraz, gaur, 17:00etatik aurrera, Illunbeko zezen-plazan.