Grande-Marlaskak debekatu egin zuen atzo egitekoa zen presoen aldeko ekitaldia

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 16a, 01:00

Hernaniko Etxerat taldeak salatu egin du epailearen agindua eta errekurtsoa jarriko duela azpimarratu du ´ekitaldia kulturala zen beste ezeren gainetik eta presoen eskubideen aldekoa`.

Audientzia Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak debekatu egin zuen atzo egitekoa zen presoen aldeko kantu eta dantza ekitaldia. Ertzaintzak asteazkenean emandako ekitaldia egiteko baimena atzera bota zuen, beraz, epaileak. Epaileak aginduan dioenez ´ekitaldi honen helburu bakarra da ETAko presoak goratzea, eta zehazki, preso horiek egindako akzioak babestu eta justifikatzea... Kantu jaialdia egitea horren adierazle da, alegia, ekitaldi honek konmemorazio kutsua duela, eta ez duela inongo kasutan presoen eskubide-urraketei buruzko aipamenik egiten`.

´Errekurtsoa jarriko dugu`

Hernaniko Etxerat elkarteak errekurtsoa jarriko duela agindu du, ´gu presoekin solidarizatzen gara eta ez eurek egin dutenarekin. Guk salatzen duguna da presoek bizi duten egoera eta jasaten dituzten eskubide urraketak`. ´Ekitaldi hau erabat kulturala zen, artistikoa, herriko era guztietako artistek hartu behar zuten parte. Ertzaintzaren baimena ere bagenuen. Erabaki honek frustrazio izugarria eragiten digu, jendeak denbora asko daramalako egun honetarako prestatzen`. Etxeratek parte hartzaile, zein laguntzaile guztiei dei egin die, jarraitzeko prestakuntzekin, ´ekitaldi hau egin, egingo delako`. Arratsaldeko azken orduan, Hernaniko kaleetan herritar asko eta asko bildu ziren epailearen erabakia salatzeko, eta Ertzainek inguratuta egin behar izan zuten ibilbidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!