santo Tomas eguna garaiz ospatzen da Hernanin. Hain zuzen ere, aurten biharko egunarekin ospatuko dute, batzuk behintzat, eta horretarako San Joan Konpartsako kideek talo goxo-goxoak egingo dituzte Plaza Berrin eguerdi partean jarriko duten postuan. Arratsaldean, berriz, erromeria izango da nahi duenarentzat.
Talo goxo-goxoak, hernaniarrek eginak
Aurtengo Santo Tomasak badu berezitasunik, izan ere, bertan izango diren talogileak hernaniarrak dira denak. Ez dira betiko talogileak, ez daramate bizitza osoa taloak egiten, etxe txokoan edo nonahi. Talogile berriak dira, bereziki egun honetarako beren burua prestatu dutenak, herritarrek dastatzeko opil eder horiek euren eskuekin egingo dituztenak. Horretarako, azken hilabeteko astelehenetan elkartu dira San Joan Konpartsako kide batzuk talogile aditu batekin, talogintzaren artea ikasteko.
Talogile aditua irakasle
Aurreko urteetan Lazkaoko talogileak etorri dira egun honekin. Aurten, ordea, lanpetu samarrak zebiltzala eta, talogile talde honetako kide batek, aspaldi hernaniartutako Arantxa Aldasorok hain zuzen ere, bere burua eskaini zuen konpartsako kide batzuei talogintzaren artea erakusteko. Esan eta egin. Zazpi lagun aritu dira orea maneiatzen eta kolpatzen, eskuak neka-neka egin arte.
Tresnak eta generoa
Aurten taloak egiteko oinarrizko azpiegitura, tresnak alegia, Lazkaotik ekarri dituzte, talopalak eta orea egiteko ontzia, esate baterako, nahiz eta dagoneko, talopalak adibidez egiten ari diren. Taloak egiteko ezinbesteko osagaia ere, arta-irina alegia, Lazkaotik ekarriko dute, Arantxaren ahotan ´hartara kalitatea ziurtatua dutelako`.
Biharko egitaraua
Igande honetan badago non eguna pasa. Goizean 12.00etatik aurrera talo postua eta kantinatxoa izango da Plaza Berrin. Taloak txistorra, gazta, hirugiarra edo txokolatez beteak izango dira. Arratsaldean, berriz, 18.00etatik aurrera erromeria izango da Patxi Perezekin.