Bihar Arrasatera joateko deia

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 14a, 01:00

BIHAR Abiadura Haundiko Trenaren kontra Arrasaten izango den manifestaziora joateko deia egin die Hernaniko herritarrei Hernaniko Segik, prentsa ohar baten bidez. Segik salatu duenez, AHTk ez die Euskal Herriaren eta herritarren beharrei erantzuten, ´enpresa nahiz politikarien beharrei erantzuten die, gutxi batzuen poltsikoak ongi betetzeko`. Azaldu dutenez, ´PNV, PSE, UPN... alderdiek gezurra ahotan darabilte, herriari ahalik eta informazio gutxiena` emanda. Segik galdegiten dio EAJ-PNVri ia hori al den herriari hitza ematea eta irizten du herriak, erabakitzeko tresnarik ez duenean, bestelako bideak hartzen hasi behar duela, ´mobilizatu, herri presioa bideratu eta borrokatu`. Segik beharrezkoa ikusten du Euskal Herrian garraioaren inguruko azterketa eta aldaketa sakona egitea. Dioenez, AHTk ez die arazo hauei erantzuten, hiriburuen arteko loturak bultzatzen ditu eta herrien arteko loturak urruntzen ditu, ´honela hiriburuen Euskal Herria indartuz eta hiriburuko biztanleak ez garenak bigarren mailako herritar modura sailkatuz`. Bukatzeko dio ezin dela onartu proiektua inposatzea, eta beharrezko jotzen dute informazioa eta herriak erabakitzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!