18/98 sumarioko atxiloketak salatzeko lanuztea eta mobilizazioak deituta zeuden atzorako. Deialdiarekin bat egin zuten LAB, Hiru, ESK, eta EHNE sindikatuek, Hernaniko Ezker Abertzaleak eta Askatasunak.
Eguerdiko 12:00etatik 13:00etara izan ziren lanuzteak eta ordu horretan kontzentrazioak izan ziren herriz herri, leku ezberdinetan. Hernanin, jende gehiena Gudarien Plazan bildu zen, Proiektu politiko guztiei aukera demokratikoa lema zuen pankartaren atzean. Lastaola poligonoan, Orona lantegiaren aurrean bildu zen inguruko enpresetako langilerik gehien eta Eziago poligonoan eta AMR lantegi aurrean ere izan ziren kontzentrazioak.
Arratsaldeko 20:00etarako ere manifestazioa zegoen deituta, eta bertan herritar ugari bildu zen, plazatik abiatu zen manifestazioan.
Eskubide nazionalen aldeko borroka kriminalizatu
Deialdia egindako eragileek salatu dutenez, auzi hau ´Euskal Herria eta bere eskubide nazionalen aldeko borrokan gehien nabarmentzen diren sektore politiko eta sozialak zigortzeko eta kriminalizatzeko modua da` eta salatu dute Euskal Herria errepresio aro berri batean dagoela murgilduta. Errepresioari muga ´herri honen duintasunak, mobilizazioak eta borrokak` ezarriko diola ere adierazi dute eta aurrerantzean mobilizatzea ezinbestekoa izango dela
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!