«Larunbateko emanaldian herriko artistek presoekiko elkartasuna adieraziko dute»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 13a, 01:00

Herriko jende ugari bildu da larunbatean izango den ‘Kanta eta dantza presoen alde’ emanaldirako. Zer moduzko harrera izan duzue herriko artisten partetik?
Emanaldirako herriko artistak biltzea lortu da, esan genezake herria bere zabaltasun kulturalean islatzen dela emanaldi honetan. Hori guretzat lorpen haundia izan da, sentsibilitate ezberdinetako jendea presoei elkartasuna adierazteko bildu baita emanaldi berean. Emanaldian, taula gainean izango diren artistez gain, badaude beren lanak eman dituzten artistak ere. Lan horiek emanaldira joaten direnen artean zozketatuko dira. Herriko jende gehiagok ere eskaini du bere burua baina emanaldiak badu denbora muga bat eta ezinezkoa izan zaigu proposamen guztiak aurrera ateratzea. Ikaragarria izan da jendeak izan duen disponibilidadea eta eskerrak eman nahi dizkiegu.

Emanaldian ze aldarrikatu nahi da? Oinarrian istoriorik ba al dago, ala emanaldi solteak izango dira?
Emanaldian ez da istorio bat kontatzen, herriko artista ezberdinak agertzen dira eta bakoitzak bere modura adieraziko du presoekiko elkartasuna. Emanaldi emotiboa eta hunkigarria izatea espero da. Ekintza kulturala izateaz gain, bada ekitaldi humanitario bat ere. Presoen gaur egungo egoera ere azaldu nahi da emanaldi honen bidez. Esaten dute ez dagoela preso politikorik, baina kontua da euskal presoen %80ari dagoen erregimen gogorrena aplikatzen zaiola. Gainerako presoen %2ari aplikatzen zaio erregimen hori. Beraz, argi dago diferentzia bat egiten dela bata eta bestearen artean, eta horren atzean arrazoi politikoak daudela garbi dago. Diskriminazio honek ondorio oso larriak ditu presoengan eta horren aurrean gure elkartasuna adierazi nahi dugu, hemen gaudela adierazi nahi dugu eta haien zama nolabait arindu, herritarren babesarekin. Elkartasun hori Hernaniko kiroldegitik atera eta Paris, Puerto de Santa Maria, Coruña, Almeria, Huelva eta Castelloneraino iritsiko da. Momentu hauetan bereziki gogoan izan nahi genituzke Elena Beloki eta isolamenduan dauden Olano eta Baldo.

Emanaldirako kartela ere berezia izan da, presoen txikitako argazkiekin osatutakoa. Nabaritu al duzue emanaldiaren inguruko jakinminik herritarren artean? Kartela joku edo kiniela moduko bat da, presoen txikitako argazkiekin osatutakoa. Zein da zein? jarri diogu goiburua eta nabaritu dugu joku horrek sortu duela saltsa eta jakinmina herritarren artean. Argazki horiek emanaldian proiektatuko dira eta ba-koitza zein den asmatzen duenarentzat saria izango da.

----------------------------------------------------------------------------------------

‘Kanta eta dantza presoen alde’
emanaldiko parte hartzaileak

- Ania: gitarra jotzen duen bakarlari hernaniarra
- Ansa ahizpak: Aranoko bi ahizpek osatutako ahots bikotea.
-Nuria: Kantuz abesbatzako bakarlaria, Kamio maisuak pianoaz lagunduta.
-Morau: herriko bakarlari
ezaguna.
-Otxotea: duela 40 urte aritzen zen zortzikoteak espreski emanaldi honetarako kantatuko du.
-Kantuz: 40 kide dituen herriko abesbatza.
-Ozenki: 35 kide dituen herriko abesbatza.
-Hamalau ta gehiago: espreski emanaldirako
osatutako taldea. 12 kidez
osatutakoa, instrumentu eta dantzarien laguntzarekin.
-Ttarla: herriko euskal
dantza taldea.
-Dantza garaikidea: Biteriko ikastaroko kideak.
-San Joan Konpartsa: herriko euskal dantza taldea.
-Lanak utzitako artistak:
Xabier Arnaiz (argazkiak), Peio Goello (pintura), Pittu (punto kruz), Alai Zubimendi (infografia), Asier Ormazabal (paper prentsatua), Aitor Ruiz de Egino (eskultura) eta Gorka Loran (eskupelota).
-Aktoreak: Bea Larragaña
eta presoen senideak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!