2008 urteko Udal Aurrekontuetako inbertsioen atalean zein proposamen sartu; hori erabakitzen saiatuko dira gaurko Ogasun Batzordean. Orain arte sektoreka egindako bileretan 120 proposamen bildu dira, eta proposamenak txukundu ondoren, 70 proposamen izango dira gaur mahai gainean jarriko direnak. Aurrekontuetan inbertsioen atalerako 2 milioi euro aurreikusi dira. Batzordera herritar guztiak daude deituta eta Udalak ahalik eta parte hartze zabalena izatea nahi luke. Gaur arratsaldeko 19:00etan da hitzordua, Biterin.
Proposamenak eta irizpideak
Gobernu Taldeak gaurko batzordea nola antolatu den azaldu du. Lehenik eta behin jasotako 120 proposamenak txukundu egin behar izan dituzte: ´azken finean aurrekotuetan isla izan dezaketen proposamenak izango dira gaurko batzordean aztertuko direnak, izan ere, 120 proposamenetatik batzuk, kezkak, eta bestelako lanketa eskatzen duten gaiak dira, horrek ez du esan nahi garrantzitsuak ez direnik edo kontuan hartuko ez direnik`.
70 proposamen horiek koadro batean jarri dituzte eta lehenik eta behin erabaki beharko dute zein irizpideren arabera bozkatu behar den proposamen bat edo bestea. Gobernu Taldeak hiru irizpide proposatuko ditu: ekonomikoki bideragarria den; proposamenak konpondu nahi lukeen arazoaren larritasuna; eta zenbat jenderi eragiten dion proposamenak. Hala ere, gaur proposatzen diren beste irizpide batzuk ere kontuan hartuko dira.
Hemendik aurrerako bidea
Gaurko batzordearen ondoren proposamenak izandako puntuazioaren, hau da lehentasunaren, arabera txukunduko dituzte. Ondoren Gobernu Taldeak aurrekontuen zirriborroa egingo du, jasotako proposamenak kontuan hartuta, eta gainerako alderdi politikoei aurkeztuko die eta baita herritarrei ere, batzar batean. Espero dute zirriborro hau urtarrila erdialdera aurkeztea.
Ondoren, zirriborro honen gaineko proposamenak aztertuko dituzte eta azken urratsa izango da Plenoan aurkeztea.