Irazu, Mendiluze, Gaztelumendi eta Agirre Illunbeko final haundian

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 13a, 01:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da datorren igandean Illunben, zortzi bertsolarirekin. Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Bañat Gaztelumendi, Unai Agirre, Jon Maia, Jon Martin, Iker Zubeldia eta Aitor Sarriegi izango dira kantuan bertan. Asteartean egin zuten finaleko aurkezpen prentsaurrekoa Illunben bertan eta bertsolari bakoitzak finalera daramazkien helburuak azaldu zituen.

Bertso Eskolako lau kide
Hernaniko Bertso Eskolako kideei dagokienean, Aitor Mendiluze andoaindarraren izena dabil ahoz aho txapelerako faboritoak izendatzerakoan. Mendiluze ´ahalik eta saiorik onena egiten` saiatuko da finalean, hori lortuz gero gainerakoak etorriko direla iritzita. Mendiluzek behin jantzi zuen Gipuzkoako Txapela, 1995ean, eta bigarreneran bila irtengo da. Jexux Mari Irazuren izena ere kiniela askotan ageriko da, ibilbide luzeko bertsolaria baita larrauldarra, eta Gipuzkoako Txapela laztandutakoa, 1995ean, Mendiluzeren atzetik geldituta. Lehen helburua finalera sailkatzea zuen larrauldarrak eta ´presiorik gabe` kantatzen saiatuko da orain. Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendiren egoera bestelakoa da. Ez bata eta ez bestea ez ziren finalerako kiniela askotan azalduko, baina lortu dute zortzi onenetan sartzea. Agirre hernaniarrak Illunbeko dimentsiotan ez galtzea nahi luke ´ingurua pixka bat ahaztu eta bertsotan ari garela konturatzea`. Gaztelumendi añorgarra izango da zortzikoteko gazteena eta bere helburua ´gogoan hartzeko saioren bat egitea` izango du, ezkutuan ez geratzea, alegia.

7.000 sarreratik gora salduta
Illunben 8.900 lagunentzako izango da tokia eta dagoeneko 7.000 sarreratik gora salduta daude, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez. Hernanin sarrerak hartu nahi dituenak gaur eguerdiko 12:00ak ingurura arte izango du aukera, Lete liburu dendan eta Dobera Euskara elkartean, 18 euroan. Gaur arratsaldetik aurrera, Bertsozale Elkartean eta interneten izango da sarrerak hartzeko aukera www.gpuntua.com helbidean. Igandean bertan ere jarriko lituzkete saio aurretik Illunben, aurrez bukatuko ez balira.

Bertso Lata bihar hasiko da
Umeen saioarekin hasiko da Bertso Lata bihar, 14:00etan, Biterin. Aitzol Barandiaran eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan, herriko ikastetxeetako neska-mutilentzat. Jarraipena hurrengo astean izango du Bertso Latak, Santo Tomas egunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!