2008 urteko aurrekontuak osatzeko prozesuan murgilduta daude Hernaniko Udalean eta bihar emango da prozesu horretan beste urrats bat, arratsaldean izango den Ogasun Batzordean. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Biterin. Ogasun Batzorde honetan orain arte egin diren sektorekako batzordeetan bildutako proposamenak aztertu eta lehentasunak markatuko dira. Gogoratu beharra dago prozesu honetan erabaki beharrekoa dela 2008ko Udal Aurrekontuetan zein inbertsio izango diren. Inbertsioen atalerako 2 milioi euro aurreikusi dira eta diru kopuru horren gainean hartu beharko dira erabakiak. Udalak Ogasun Batzorde honetan partehartze zabala izatea nahi luke eta hori dela eta herritarrak animatu ditu parte hartzera.
Orain arteko bidea
2008 Udal Aurrekontuak osatzeko bidea urriaren 29an hasi zen, bertan Parte Hartze Batzordea deitu zen eta Udaletxeko alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak bildu ziren. Gobernu Taldeak azaldu duenez, alderdi guztiak proposatutako aurrekontuen prozesuarekin ados agertu ziren. Urriaren 29tik azaroaren 12ra Udalak 7.200 gutun buzoneatu zituen eta 200 gutun bidali zizkien herriko talde eta eragileei. Azaroaren 12tik 18ra sektorerako batzordeak egin ziren, politika soziala, euskera, ongintza, zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza, kirolak eta kultura alorretakoak. Guztira 100 herritarrek hartu dute parte prozesu honetan, udal teknikaria eta politikariez gain. Jasotako proposamenak 120 bat izan dira. Gobernu Taldeak balorazio positiboa egin du orain arteko bideaz, eta azpimarratu du aurrekontuena udalak parte hartzea bultzatzeko egindako aurreneko ahalegina dela. Ahalegin horretan lanean jarraitzeko asmoa duela ere azaldu du.