Arte lanak Wokroko umezurtzen alde

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 11a, 01:00

Gaurtik hurrengo asteartera egongo dira arte lanak salgai Biterin, 18:00etatik 20:00etara. Dirua Angel Olarani bidaliko diote, Wukroko umezurtzen aldeko proiektua bultzatzeko.

Angel Olaran misiolari hernaniarra Etiopian egiten ari den lana laguntzeko, arte lanak salgai jarri dituzte herriko zenbait lagunek, prezio oso merkean. Asmoa da ahalik eta dirurik gehien biltzea, ´honako gutxi izan arren, harako asko baita`. Aurtengoa arte lanak saltzen dituzten hirugarren urtea da; egitasmoaren lehen urtea arrakastatsua izan zen, baina iazkoa bajuxeagoa izan zen. Aurten berriz ere mugimendua sortzea dute helburu eta horretarako gauza desberdin asko aurkituko ditu Biterira inguratzen denak: koadroak, kristal margotuak, figurak, hondarrezko koadroak, egurrezko piezak eta abar.

Umezurtzei etorkizun hobea emateko lanean
Angel Olaran misiolari hernaniarrak Etiopiako Wukro hirian aurrera daraman proiektuan 1.600 umezurtzen kargu egiten dira. Olaranek berak dioen moduan ´ume hauek familian bizi dira, osasun ona eta teilatua dute, eskolara joaten dira. Ume hauek ez dute kalean bizitzeko beharrik, ezta neskek prostituitzeko beharrik ere`. Berez egoera gogorra da Wukrokoa eta umezurtzen alde egiteaz gain, bestelako egitasmoak ere badaramatza aurrera misiolari hernaniarrak, Wukro hiri inguruan ia desagertuta zeuden arbolak aldatzea, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!