Gora zuek!

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 20a, 01:00

Gorka Loran Lafourcade (Euskal Preso Politikoa) 2007ko abenduaren 6an.

Gora zuek! Duela ordubete eskas ekarri naute berriz ere espetxeko ziega hotzera, baina gaurkoan ziega bero dago, zuen berotasuna nerekin ekarri dudalako. Amonaren heriotza dela-eta, familia etxean bixitatzeko baimenaren agiria eman zidatenean, kosta egin zitzaidan herrira, etxera, bueltatuko nintzela barneratzea eta, egia esan, gaur arratsaldean herriko plazara sartu nauten arte ez det guztiz sinetsi. Hildako Gudarien Enparantzara iritsi eta lehenengo aurpegi ezagunak ikusi ditudanean hunkitu egin naiz. Sentimenduak dantzan, bihotza azalean... Eta Plazatik Tilosetako frontoira dagoen tuneltxoa zeharkatu eta gurasoen etxeko atariaren inguruan zegoen jendetza ikusi dudanean sentitu dudana ezin da hitzez adierazi. Zipaioek erdi arrastaka sartu eta atera naute etxetik, baina segundu hoietan jaso dudan animoa eta kemena izugarria izan da. Oso gertu sentitu zaituztet eta eskaini didazuen babesa ordainezina da, etxekoengandik jaso dudan maitasuna ordainezina den moduan. Nere bizitzako egunik hunkigarriena izan da gaurkoa, sekula ahaztuko ez dudana eta beti barru-barruan eramango dudana. Etxeko ataritik atera aurretik, lehengusuak ´Gorka, herri guztia dago` esan dit. Eta horixe da nik ikusi dudana, herri oso bat, zutik, indartsu, ukabilak altxaturik. Bere presoen alde kalera atera den herria. Eskerrik asko beraz. Mila esker eman didazuen indarragatik, zuen txaloen berotasunagatik, zuen animo oihuengatik. Maite zaituztet! ... Nik ere animo eta indar berdina bidaltzen dizuet gaur Plazan eta Tilosetan bildu zareten lagun guztioi, herri guztiari, lanean eta borrokan tinko segi dezazuen Euskal Herriaren eskubideen alde. Borrokak merezi duelako eta, berari esker, gure ametsak egi bihurtuko ditugulako. Denon artean lortuko dugu! Gorka Loran Lafourcade (Euskal Preso Politikoa) 2007ko abenduaren 6an.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!