hERNANI Musika Eskola publikoak kontzertuak antolatzen ditu hilero eta Hernaniko hiru musikariren txanda izango da abenduan, urtarrilean eta otsailean. Jorge Pacheco perkusio joleak, Satxa Soriazu jazz piano joleak eta Ainara Ortega jazz kantariak joan den ikasturtean amaitu zituzten ikasketak Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegian). Goi mailako hiru musikari hauek Hernani Musika Eskolako ikasle eta lankide izanak dira eta herrian kontzertu bana emango dute orain.
Jorge Pacheco ostiralean
Hiru kontzertuetan lehenengoa datorren ostiralean emango du Jorge Pacheco perkusio joleak, arratsaldeko 19:30etan, Sandiusterrin. Pachecok Hernanin bertan hasi zituen musika ikasketak 11 urterekin, Jesus Maria Garmendia irakasle zuela. Geroztik ibilbide luzea egin du 26 urteko hernaniar honek eta hala erakusten du bere curriculumak: orkesta eta talde askotan hartu izan du parte. Goi mailako ikasketak aurten bukatu ditu Musikenen eta Euskadiko orkestarekin, Pablo Sarasate orkestarekin, eta Tenerife eta Bilboko orkestekin aritu da aurten eta kontzertu haundi askotan hartu du parte bere musikari ibilbidean: Donostiako Hamabostaldian, Lisboako Expo 98an, Edimburgh-eko jaialdian, BBCko PROMSetan, Royal Albert Hall-en. Hori guztiaz gain, Hernaniko Bandako kide ere bada, 12 urte zituenez gero. Orkesta musikan espezializatzera eta kontzertuak ematera zuzentzen ditu bere ahaleginak gaur egun, musika eskolatik nabarmendu dutenez, eta ahalegin horren emaitza ikusteko aukera izango da ostiralean, Sandiusterri aretoan.