Ekitaldia datorren larunbatean, «kanta ta dantza presoen alde»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 9a, 01:00

Datorren larunbatean ekitaldia izango da Hernaniko kiroldegian, Hernaniko Artearen inguruko ordezkaritza zabal baten eskutik, ´bertakoak diren preso politikoei elkartasuna helarazi asmoz, jasaten ari diren bizi ezineko baldintzak eta krudelkeriaren aurrean`. Ekitaldian izango dira, gaur egungo dantza taldeak, euskal dantza taldeak, abesbatzak, berariazko abeslariak, zortzikoteak, plastika lantzen duten artistak, aktore eta aktoresak, antzerkilariak eta abar.

Ekitaldia egiteko zergatia
Prentsa oharrean diotenez, Hernaniko Arte munduko giroak ekitaldi hauen bidez babesa eta maitasuna adierazi nahi die herrikoak diren hogeita lau auzotarretako bakoitzari, ´preso politikoak direlako jasaten ari diren baldintza eta tratu diskriminatzaile honen aurrean`. ´Espetxe sistema presoarekiko bihozbera agertzen bada kasu batzuetan, inoiz ez da izango, berriz, preso politikoekiko. Preso politikoen jarduerak estatuaren legitimitatea zalantzan jartzen du etengabe, eta azken honek indarkeriaz erantzuten du. Epaileek daukaten benetako menpekotasun paperari erantsi behar zaizkio informazio monopolioa, presio polizial nabarmena eta preso politikoei aplikatzen zaien errepresioa; horretarako espetxe sistemak espetxe bereziak eraiki ditu, espetxean bertan. Presoaren indarra suntsitu beharra daukate! Makurrarazi eta senideengan sortzen duten sufrimenduaren errudun sentiarazi behar ditugu`. Prentsa oharrak honela jarraitzen du, ´kartzela erakundeko zuzendari orokorrak berak, bakartzeak sortzen dituen gaixotasun fisiko eta bereziki psikikoak deskribatzen zituen sendagile txostena irakurrita eta harrituta, erabaki zuen preso oso arriskutsuak izan ezik, besteak egoera hobeagoetara pasatzea. Harturiko neurri desberdinen ondorioz, preso komunen %2ri aplikatzen zaio bakartze erregimena, eta euskal preso politikoen %80ri`.

Bandoa gaur 12:30etan, jaialdia iragartzeko
Gaur ekitaldiaren nondik norakoak emateko Bandoa egingo dute Hernaniko kaleetan barrena. Jaialdiaren iragarpena egingo dute, eta azalduko dute zein ikuskizun izango diren, eta ekitaldia egiteko arrazoiak zein diren. Gaur, 12:30etatik aurrera, herriko kaleetan. Bestalde, jakinarazi dute jaialdian zozketa bat egingo dela herriko artistek eta presoek egindako artelanekin, eta astean zehar ikusgai izango direla, Kardaberaz kaleko lokalean (lehen Xarma kirol denda zen horretan).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!