Sei bikote azken fasean eta kadeteak buruz buruko finalean

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 8a, 01:00

Gipuzkoako txapelketak jokatzen ari dira eta eskuz, emaitza onak lortzen ari da aurten ere Hernaniko taldea. Asteburu honetan ez da txapelketako partidurik, eta datorren asteburuan zazpi partidu jokatuko dituzte Hernaniko pelotariek, finala eta fase finala kontuan hartuta. Buruz buru finalean dira kadete mailan, jokatutako 10 partiduetatik 8 irabazita. Hernaniko klubeko Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeaga, eta Usurbilek zedituta utzitako Xabi Santxo ari dira jokatzen Hernaniren izenean. Finala gogorra izango dute, bihar zortzi, Hernanin bertan. Aurrean, Ordiziako Txapagain taldeko pelotaria izango du hiruretatik jokatzen duenak, sailkapen fasean Hernaniri bi partiduak irabazi dizkion taldea.

Sei bikote azken fasean
Buruz buru ez-ezik, bi bitara ere paper ona egiten ari dira Hernaniko pelotariak eta sei bikote datorren asteburuan hasiko den fase finalean dira. Nagusietan, 2garren mailan, final laurdenak jokatuko dituzte Hernanin Zumaiaren kontra. Ojuel eta Esnal aritu dira aurretik eta Gorrotxategi eta San Sebastian atzetik. Hirugarren mailan bi bikote sartu dira final laurdenetan: batetik Oiaga, Aldazabal eta Otaegi ari dira txandan bikotea osatzen eta Igeldoko Lizardiren kontra daukate finalaurrekoa hurrengo asteburuan, Ibaetan; bestetik, Ezeiza anaiek, Zurutuzak eta Huizik osatutako bikotea ere final laurdenetara sailkatu da eta Mundarroren kontra jokatuko dute Astigarragan. Jubenil mailan, berriz, Arrieta, Esnaola eta Bilbao final laurdenetan dira lehen mailan, eta Lazkaoko LAPKEren aurka jokatuko dute datorren asteburuan, Hernanin. Bigarren mailan, final laurdenetan dira Noble, Garmendia eta Salaberria eta Alkizan jokatuko dute Ernioperen aurka. Kadete mailan ere bikote bat bada final erdietan, Santxo, Lizeaga eta Aizpitarteren artean osatutakoa eta Asteasun jokatuko dute, Alkizako Erniope taldearen kontra.

Gaur, lagunarteko bi partidu
Gipuzkoako Txapelketako partidurik ez dagoenez, lagunarteko bi partidu antolatu dituzte Hernanin, gaur 11:00etan hasita: batetik, Barandiaran eta Lizeagak jokatuko dute Noble-Aizpitarte IIaren aurka kadete mailan; eta bestetik, Arrieta-Otaegik, Bilbao-Arzelusen kontra jubenil mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!