«Juan Mari Olano isolamendu moduluan dago joan den irailaren 11n espetxeratu zutenetik»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 8a, 01:00

ASKATASUNAK Hernaniko Preso Politikoen egoeraren berri ematen du hamabostean behin. Gaurkoan Juan Mari Olanoren egoera azaldu du, Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Askatasunak dioenez, joan den irailaren 11 ezkero isolamendu moduluan dago Olano.

Isolamendu moduloko baldintzak
Askatasunak azaldu du lehen graduan sailkatutako euskal presoak lehen graduko presoentzat egokitutako moduloetan egon beharko luketela, baina dionez ´euskal presoak, preso politiko zein euskal herritar bezala zapaltzeko eta suntsitzeko helburuz, beraien legeak ere ez dituzte betetzen`. Askatasunak isolamendu moduloko baldintzen berri eman du: ´isolamendu modulo hauek ez daude prestatuta pertsonek bertan denbora luzea eman dezaten, bertako bizi baldintzak erabat suntsitzaileak dira`. Horrekin batera dio modulo hauek espetxe barruan daudela eta azaldu duenez, ´10-12 metro baino urrutirago begiratzea ezinezkoa da kasu gehienetan; patioa askoz txikiagoa da eta sarez estalita izaten da, eta normalean bestelako instalaziorik ez da izaten`. Patio orduak murriztuak izaten direla ere aipatu du. Isolamendu moduloko ziegen berri ere eman du: ´ziegak ez dira ohikoak izaten, aulkia lurrean itsatsita egon daiteke, mahaia oso txikia izaten da eta ez dute inolako erraztasunik izaten (apalak..). Modulo hauetako giroa benetan bortitza izaten da presoei ezartzen zaizkien arauengatik`. Horrez gain, dio segurtasun neurriek markatzen dutela funtzionamendua: ´miaketak ziegetan, miaketak presoei, ziegan izan dezaketena mugatua izaten da, ez dute aktibitaterik egiteko aukerarik, eta abar`. Isolamendu moduloetan dauden presoek funtzionarioekin bakarrik izaten dute harremana, Askatasunak aditzera eman duenez, ´komunikazioetarako banaka ateratzen dituzte, beste presorik ez dute ikusten, hau da, soilik funtzionarioak ikusten dituzte. Beraz, dena hotza, gizagabea, gogorra eta erasokorra den lekuetaz ari gara`.

Juan Mari Olanori elkartasuna adierazteko deia
Juan Mari Olanori elkartasuna adierazteko deia egin du Askatasunak, ´guztion artean hau salatu eta ekidin behar dugu eta elkartasuna helarazteko idaztera dei egiten dizuegu`. Helbidea ere eman dute: J.M. Olano Olano. C.P. Segovia Ctra. Nacional 110, km. 196 40.154 Torreondo (Segovia).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!