Orientazio kirolean parte hartzailearen helburua da mapan dauden puntuetatik pasa eta ahalik eta azkarren helmugara iristea. Hau da kirol honi ematen zaion definizioa. Krossa eta kirol abentura artean dagoen kirola dela ere esaten du zenbaitek. Baina, kirolaz gain, naturarekin harremanetan denbora pasa eder bat ere izan liteke, eta Euskal Ligako probetan ez dira denak konpetitzera irtetzen direnak: open delako proba ere izaten da, pixka bat jakin arren, inongo klubetan ez dagoen jendeak parte hartzeko edo familiek parte hartu ahal izateko... eta korralitoa deitzen dioten proba ere egiten da, 3-5-8 urte arteko gaztetxoek ere parte hartu ahal izateko.
Jolas bat, kirolarekin eta naturarekin harremanetan
Umeentzat, familientzat, eta buru belarri konpetitzera irtetzen ez den edonorentzat altxorraren bila moduko bat dela dio Rafa Romerok: ´umeekin atera izan gara eta asko gozatzen dute`. Gainera, kirola egiteaz gain, orientazioa hobetzeko primerako ariketa da. Hemen, oraindik minoritarioa da, baina poliki-poliki zaletu gehiago ditu orientazio kirolak eta etorkizun haundia izan lezakeela azpimarratzen dute, naturarekin harremana, kirola eta abentura atsegin dituen jende asko baita gurean, kirol hau praktikatzeko oinarri oinarrizko zaletasunak.
Norvegian sortua
XIX. mende bukaeran sortutako kirola da orientazioa, plano topografiko ugari egiten hasi ziren garaian. Lehenengo orientazio proba 1890eko urriaren 7an egin zen, Norvegiako Tjalve taldearen eskutik. Ordutik hona, zehazten joan dira parte hartzaileek erabili ahal izango dituzten mapa eta erremintak. Garai batean plano topografiko militarrekin egiten zena, orain orientaziorako propio sortutako planoekin egiten da, 60ko hamarkadaz gero. Euskal Herrian berria da orientazio kirola, 1986 inguruan hasi baitziren kirol honen inguruko lehen urratsak ematen. 90 hamarkada hasieran Baliza Lehiaketa jokatu zen, orain Euskal Liga denaren oinarria. Gipuzkoan, Irungo Mendizaleak Orientazio Saila 2004an sortu zen eta geroz eta kide gehiago ditu.