Rafa Romero hernaniarrak irabazi ditu Euskadiko Txapelketa eta Euskal Liga orientazio kirolean

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 8a, 01:00

Orientazioko Euskal Liga eta Euskadiko Txapelketa Rafa Romero Monis hernaniarrak irabazi ditu, 35 urtetik gorako kategorian. Euskal Ligan, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako talde banak hartzen dute parte eta 8 proba izaten dira guztira. Zortzi proba horietan punturik gehien atera du hernaniarrak eta Ligako Txapeldun gelditu da, Irungo IMOS mendi taldearekin. Izan ere, Irungo taldea da orientazioan parte hartzen duen Gipuzkoako bakarra eta berekin konpetitzen du Rafa Romerok, dakigula, Hernaniko ordezkari bakarrak. Zortzi proba horietatik bi irabazi ditu hernaniarrak: Entziakoa (Euskadiko Txapelketa ere bazena) eta Aiako Harrikoa.

Hiru liga eta maila desberdinak
Euskal Ligaz gain, Ipar Liga ere izaten da Euskal Herria, Errioxa, Gaztela-Leon, Kantabria eta Asturiasko taldeen artekoa eta Espainiako Liga ere jokatzen da. Mailak adinka sailkatzen dira eta elite maila ere badago, orientazioko kategoria gorena. Elite mailan, Hernaniko Urumea ikastolan lan egiten duen Gorka Obeso hondarribiarra ondo ibiltzen da. Baina mailarik altuena hemendik kanpo dago, Eskandinabia inguruan batipat. ´Pentsatu eta korri` Horixe da Orientazio kiroleko lema nagusia, Rafa Romerok berak Kronikari azpimarratu dionez. Mapa bat ematen diote parte hartzaile bakoitzari eta puntu desberdinak daude markatuta mapan. Bi minutuko tartean irtetzen diren parte hartzaileek puntu horietatik pasa behar dute, eta ahalik eta azkarren helmugara iritsi. Lehenengo iristen denak irabazten du, baina sasoi haundiaz gain, orientazio gaitasun haundia ere beharko du, mendian barrena jarrita dauden balizak bilatzeko. Horretarako, mapa bera eta iparrorratz baten laguntza izango du parte hartzaile bakoitzak. Probak, ordu eta erdi-bi ordu ingurukoak izan ohi dira Euskal Ligan, mendian eta basoan barrena 3-10 kilometro inguru egin behar izaten dituzte, kategoria eta adinaren arabera.

Disziplina desberdin asko
Orientazioa disziplina bat baino gehiagotan egiten da. Normalean, oinez edo korrika egiten bada ere, izaten dira bizikletan egiteko probak, edo eski gainean, edo zaldi gainean, gurpildun aulkietan... Euskal Ligako probetan, 100 parte hartzaile inguru izan ohi dira; Ipar Ligan, 200 bat parte hartzaile izaten dira; eta Espainiako ligan 500-1.000 parte hartzaile inguru. Baina, parte hartzailerik gehien eta mailarik altuena Eskandinabia inguruko probetan izaten da, 5.000-10.000 lagun ingururaino iristen baitira.

Probatzeko aukera
Kirol hau probatu nahi duenak aukera erraza dauka, Rafa Romero berarekin jarri liteke harremanetan edo informazio ugari aurkituko du www.orientazioa.com Euskal Ligako web orrian edo Irungo Mendizale Taldeko Orientazio Saileko web orrian www.irungomendizaleak.com-en.

Markatutako puntuen bila
Parte hartzaile bakoitzari mapa bat ematen zaio egin behar duen ibilbidearekin eta bertan zenbait puntu daude markatuta. Puntu bakoitza ikur baten ondoan dago eta ikurrak azaltzen du inguru hori erreka bat den, basoa, baso ertza, sakon unea, harri pila, amildegia, lepoa, harkaitza, kobazuloa, lakua... mapa eta iparrorratzaren laguntzarekin bilatu behar ditu parte hartzaileak puntu guztiak, adierazitako ordenean. Puntu guztietan kontrol-txartela zulatzeko pintza bat dago.
Orientazioko probetarako mapak bereziak izaten dira, eta kategoria bakoitzak izaten du bere ibilbidea proba bakoitzean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!