EUSKO Alkartasunak Kronikara bidalitako prentsa oharrean, Marian Beitialarrangoitia Alkateak egindako adierazpenei erantzun nahi izan die. EAko bozeramaile den Iñaki Arratibelek Alkateak Bozeramaile Batzordearen inguruan egindako adierazpenak larritzat jo ditu eta dioenez, ´Udal Arautegi Organikoaren arabera, argi geratzen da ez dela beharrezkoa Alkatearen presentzia Bozeramaile Batzordea balioztatzeko`. Iñaki Arratibelek Udal Arautegi Organikoko artikuluak gehitu ditu idatzian: ´(13. artikulua, 2. parrafoa) ´Bozeramaileen Batzordea lehendakariak deituta edo Udalbatzan formalki eratu diren edozein talde politikoko ordezkariren eskariz bilduko da` eta ´Batzorde hau balio osoz eratu dela ulertuko da, legez araututako Talde Politikoen erdia eta gehiago bertara biltzen denean edota haiek Batzorde honen gehiengo absolutua ordezkatzen dutenean`.
EAk Alkatearen ´agintekeria` salatu du eta bere ustetan legearen ´beste edozein interpretaziok talde politikoen eskubideak urratuko` lituzkeela dio. Bukatzeko iragarri du oposizioko taldeekin harremanetan jartzeko asmoa duela, ´hartu beharreko neurriak hartzeko`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!