Udal Plangintzarako Aholku Batzordea sortzeko bidean

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 6a, 01:00

Hirigintza Batzordean eztabaidatu eta joan den osteguneko plenoan aho batez onartu zuten Udal Plangintzarako Aholku Batzordea sortzeko araudia. Ostegunekoa behin behineko onarpena da eta orain alegazioak aurkezteko aukera izango da, behin betiko onarpena eman aurretik.

Lurraren lege berria
Aholku Batzordea sortzera, lurraren lege berriak behartzen du Udala. Legea indarrean jarri zenez gero, biztanle kopuru batetik gora duten herriek Foru Aldundiaren onespenik gabe hartu ditzakete ordenamendu edo arau subsidiarioekin zerikusia duten erabakiak. Alegia, Udal plangintzari dagozkion gaietan, azken erabakia Foru Aldundiak ematen zuen lehen, baina hemendik aurrera plenoaren onarpena nahikoa izango da herriko arau subsidiarioak aldatzeko. Lurraren Lege berriak Aholku Batzorde bat sortzera behartzen du Udala arau subsidiarioen aldaketa orokorrak nahiz puntualak biltzen dituzten proposamenak aztertu eta Plenoari aholkuak emateko. Batzorde honen erabakia ez da binkulantea izango, Plenoak izango du azken hitza eta erabakitzeko eskumena. Auzo elkarte eta taldeak Aholku Batzordea nola osatua joango litzatekeen ere biltzen du araudi proposamenak: Alkatea izango da batetik; hirigintza zinegotzia; udal alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bat; Udalez kanpoko Agenda 21 Foruko kide bat; auzo elkarte bakoitzeko kide bat; merkatari elkarteko kide bat; elbarrien elkarteko kide bat; kultur elkarteetako kide bat; kirol elkarteetako kide bat; Berdintasun Kontseiluko kide bat; eta Kalapie txirrindulari elkarteko kide bat.

Txantxillako egitasmoa atzoko Hirigintza Batzordean
Hirigintza Batzordea bildu zen atzo Udaletxean eta 9 gai izan zituzten eztabaidarako. Gaietako bat Txantxillako egitasmoari buruzkoa da. Egitasmoko tramiteak bukatu gabe daudela azpimarratu du Gobernu Taldeak, eta babes ofizialeko etxe gehiago egiteko proposamena egin du. Horretarako, tasatutako etxe gutxiago eta etxe libre gehiago egin beharko dira, arauak bete ahal izateko. Atzo zuten eztabaidatzekoa gaia. Horrez gain, Etxeberriko Oriamendi Kooperatibarekin sinatu beharreko hitzarmenari buruz ere atzo eztabaidatu zuten Hirigintza Batzordean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!