Herrian hamabi dendek egin dute bat euskera erabiltzeko egitasmoarekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 5a, 01:00

BURUNTZALDEKO dendetan euskera erabiltzeko kanpaina aukeztu zuten Buruntzaldeko Udaletako Euskara Zerbitzuek eta dagoeneko ikusi daiteke kanpaina horren eragina Hernaniko zenbait fruta eta barazki dendetan. Izan ere, kanpainan parte hartu nahi izan duten merkatariei fruta eta barazkiei prezioak jartzeko txartelak banatu zaizkie, eta bertan produktuen izenak euskaraz agertzen dira. Horrez gain, dendetan poster haundi bat ere aurki daiteke 77 fruta eta barazkiren irudi eta euskarazko izenarekin. Hernanin 12 izan dira kanpaina honekin bat egin duten dendak: Aliprox (Kale Nagusia, 20), Ansa janaridenda (Etxeberri, 3), Arregi janaridenda (Victor Hugo, 3), Eusebio Lizarza (Antziola, 48), Ezkerro (Antziola, 5), Frutas Elven (Elkano, 18), Iñigo Diez (Kale Nagusia, 37), Lardizabal janaridenda (Kale Nagusia, 7), Mª Angeles Gurrutxaga (Madalena, 9), Oa janaridenda (Kardaberaz, 13), Peña (Larramendi, 5) eta Senperena frutak (Gudarien plaza, 6).

Dendariak gustora
Kronikak kanpaina honetan parte hartu duten dendariekin hitz egin du eta orokorrean pozik daude kanpainarekin. Diotenez, bezeroen gehiengoak pozik hartu du fruta eta barazkien izenak euskeraz jarri izana. Hala ere, azaldu dutenez, urte luzeetan erderazkoarekin ohituta, hasieran kosta egiten da ulertzea zenbait barazkiren euskerazko izena.

50 euroko erosketa bonoa zozketan

Kanpainan parte hartu duten dendetan 50 euroko bi erosketa bono zozketatuko dira, hilaren 18an. Parte hartzeko denda horietan aurki daitekeen orria eskuratu behar da eta bertan dagoen letra zopa bete eta norberaren datuak jarri behar dira. Orria dendan entregatu eta listo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!