URGENTZIAZKO plenoa izan zen atzo, Gobernu Taldeak deituta, 18/98 sumarioko atxiloketak salatzeko mozioa eztabaidatzeko. Plenoan ez zen oposizioko zinegotzirik izan eta mozioa Gobernu Taldearen aldeko botuarekin onartu zen.
Gatazka politikoaz hitz egiteko markoa adostu
Marian Beitialarrangoitia Alkateak gogorazi zuen oposizioko zinegotzirik gabeko bigarren plenoa izan zela atzokoa. ´Oposizioko taldeek ez dute borondaterik elkar bizitzari, giza eskubideei eta gatazkari lotutako gaietaz herri aurrean hitz egiteko` adierazi zuen. Esan zuenez, ez da Gobernu taldearen asmoa ´inkomunikazio egoera honetan sakontzea` eta horretarako Giza eskubide batzordea deituko duela iragarri zuen, zehazteko ´non eta nola hitz egin behar dugun elkarbizitzari dagokion gaietaz`. Hitzordua astelehenerako egin dute, arratsaldeko 19:00etarako. Arazo bere ososataunean ikusi ordez, soilik alde bat ikusten bada, ´herri honek une latzak bizitzen jarraituko duela` ere esan zuen.
Onartutako mozioa
Atzo plenoan onartutako mozioak dio, 18/98 sumarioko atxiloketen atzean honakoa dagoela: ´Euskal Herriaren aurkako erasoa eta Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboen kriminalizazioa`. Horrekin batera dio ´independentismoa jokaleku politikotik atera eta iruzurra ezartzea` dela epai honen asmoa. Beste puntu batean dioenez, ´espainiar estatuan ez dago demokraziarik eta ez dago etorkizunik Euskal Herriarentzat. Espainiar estatuak Konstituzioa eta salbuespen legedia inposatzen ditu`. Konponbide demokratiko baten alde egiten du mozioak, ´egitasmo politiko guztien artean bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidean oinarrituta`. Atxilotuekin bat egiten du mozioak, bereziki Elena Beloki eta Iñaki Zapiain herritarrekin eta elkartasuna eta babes osoa ematen die. Bukatzeko ´Euskal Herriaren aurkako erasoei erantzuteko mobilizazioetan parte hartzeko` eta ´Euskal Herriaren eskubideen aldeko lan egiten jarraitzeko` deia egiten du.