Abenduan Gazte Txokoa ekitaldiz gainezka

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 2a, 01:00

12-17 urte bitarteko gazteek badute non denbora pasa. Abendurako eskaintza zabala prestatu du Gazte Txokoak.

Hernaniko 12-17 urte bitarteko gazteek abenduan ez dute aitzakiarik aspertzeko. Gazte Txokoak sekulako egitaraua eskaintzen die hilabete hasieratik bukaera arte. Argazki lehiaketa egin dute asteburu honetan Gaztea bazara, zer egin ez aspertzeko? galderari erantzuteko.

Ekintzak eta irteerak

Ekintzen artean, zine emanaldiak izango dituzte astearteetan, makilaje ikastaroa eta kristalak margotzeko tailerra, besteak beste. Irteerak ere egingo dituzte, eta ez nolanahikoak: zinera joango dira, baita Perlako ur beroetan gozatzera ere. Honetaz gain, Santo Tomas egunean Atsegindegin izango dira, txistorra janez.

Helburua, ondo pasatzea

Ekitaldi bat ala beste, kuestioa da gazteek elkarrekin ondo pasatzea. Horregatik, Gazte Txokoak dei egiten die herriko gazteei animatu eta ekintza ezberdinetan parte har dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!