Udazkeneko kartelerari begira

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 2a, 01:00

Genero desberdinetako filme interesgarriak ditugu ikusgai Donostiako zineetan.

Xabier Erdozia ´Lou´

Kalitate oneko marrazki bizidunak, terrorezko filme bikainak, mitologian oinarritutako fantasiak eta Irakeko gerrari buruzko filmeak ditugu egun Donostiako zine karteleran. Izan ere, Donostia eta Canneseko zinemalditan ikusitako filmeak eguberritarako apropos estreinatutakoekin tartekatuak agertzen zaizkigu aste hauetan. Beraz, eskaintza zabala eta erakargarria, zineaz gozatzeko egun hotz eta deseroso hauetan. Hona hemen karteleraren gaineko azterketa.

PERSEPOLIS
Berandu, bai, baina zorionez gure artean dugu Marjane Satrapi eta Vincent Paronnauden artean zuzendutako filme paregabe hau. Marrazki bizidunezko filme hau da, dudarik gabe, aspaldian ikusitako filme zoragarrienetariko bat. Satrapik berak marraztutako komikian oinarritua, `Persepolis` filmeak emakume iraniar (Satrapi bera) baten bizitza kontatzen digu: bere haurtzaroa Teheranen, Persiako Sharen garaian, geroko bizitza gobernu islamistaren menpean eta bere bidaiak Europara askatasunaren bila. Ahalmen handiko emakume honen istorioa ederra izateaz gain, poesia eta krudeltasunaz  beteta dago. Poesia amonaren pertsonaian agertzen zaigu esate baterako, eta krudeltasuna ordea, protagonistak bizitako une gogorretan. Estilo zehatzeko marrazkien bidez, Satrapik Iraneko erregimen islamistaren kritika zorrotza azaltzeaz gain, Europa zibilizatuan zoriontsua  izatea oso zaila dela  agerian uzten du, filme azkar eta garbi honetan. Motza egin zitzaidan filmea. Bikaina denaren adierazgarri. Galduezina.


PROMESAS DEL ESTE
Behin baina gehiagotan mintzatu naiz David Cronenbergen azken filme honi buruz, baina azken hamarkada honetan egindako filme hoberenen artean dagoen  obra honek merezi du. Zuzendari klasikoen hizkuntza menperatzen duela adieraziz, Cronenbergek entomologo baten jarrerarekin  ekialdeko mafien moduak aztertzen ditu `Promesas del este` honetan. Peter Suschitzkyren argazki lan bikainaren bidez, Londres hiriari buruz orain arte zineak adierazi duen  ikuspegi ilunena ematea lortzen du Cronenbergek. Gogorra, eta pesimista, `Promesas del este` filmea dudarik gabe maisu lan bat da.


REC
Karteleran dagoen filme merkeena da seguraski Paco Plaza eta Jaume Balaguerók Bartzelonako Eixample auzoan filmatutako  hau. Eta zinemagintzan garestia izateak eta kalitateak zer ikusirik ez dutela adieraziz, `REC` kartelerako hoberenen artean kokatu beharrean gaude. ´El proyecto de la Bruja de Blair` eta `Cops` telesailaren artean dagoen filme honek genero zehatz bateko xehetasunak jarraitzen ditu : zonbien filmeenak, alegia. Baina `REC` telebistako telesail nazkagarri baten aurrean izango bagina bezala azaltzen zaigu. Horretan datza filmearen originaltasuna. Bitxia da ere, filmearen kokaleku ia bakarra etxebizitza bat izatea. Eta protagonistaren rola betetzen duen aktorea izan ezik, beste guztiak ezezagunak izatea. Hori guztia kontuan hartuz, `REC`  egungo karteleran, filme interesgarrien artean kokatu beharra dugu.


REDACTED
`En el valle de Elah` pantailaratzen duten bitartean,hona hemen Estatu Batuetan Irakeko Gerrari buruz egindako filme ausartena. Brian de Palma zuzendariaren azken filme honek bere lehenengo filmeekin zeozer amankomuna du: esperimentatzeko grina, hain zuzen ere. Filmea eratzeko orduan, De Palmak interneten zintzilikatuta dauden bideoen itxura eta moduak erabili ditu. Dokumentalaren eta telebistako erreportaien estetikak ere erabili ditu, filme gogorra eta ausarta gauzatzeko xedez. Pena bat da Estatu Batuetako soldaduen rola  eta erretratua sinpleegia izatea. Halere, ikusi beharreko filmea da `Redacted`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!