Hernani atzo ere ezinean, 1-3 galdu zuen

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 2a, 01:00

URRIAREN 27an Euskaldunari irabazi zionetik, bost partidu jokatu ditu Hernanik eta bostetatik bakar batean ere ezin izan ditu 3 puntuak atera. Atzo ere aukera polita zuen arratxa horri buelta emateko, etxean jokatzen baitzuen UPV Vasconiaren aurka, baina donostiarrek eraman zuten garaipena Zubipetik, 1-3.

Lehenengo zatian, partidua erabakia

Ez zuen gaizki hasi partidua talde zuriberdeak. Zelai erdian dominatzen hasi zen eta bera hurbiltzen zen gehien aurkariaren porterira. Hala ere, donostiarrak sortutako lehenengo aukeran gola sartu zuten eta hortik aurrera, dena izan zen nahi eta ezin Hernanirentzat. Lehen zatiak orduerdi inguru zeramamenan sartu zuen lehenengo gola UPV Vasconiak eta hurrengo biak elkarren segidan etorri ziren, hamar minututan. Hernanik ez zuen izan erreakzionatzeko ezertarako denborarik, eta markagailua erabat aldapa gora jarri zitzaion lehen zatia bukatzerako.

Bigarren zatian nahi eta ezin

Hiru goleko desabantailarekin gauzak oso zail zeuzkan Hernanik eta ahalegindu baziren ere ezin izan zuten gutxienez puntu bat berreskuratu. Hamar minuturen faltan penaltitik markagailuan hurbiltzea lortu zuten, baina, ez zuten beste golik egin eta hiru puntua ihesi joan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!