Auzitegi Nazionalak ‘18/98’ auziko 46 kide atxilotzeko agindua eman zuen ostiralean, ETAko kide izatea edo ETAri laguntzea leporatuta. Atzo Kronikak erredakzioa itxi zuenean 35 ziren atxilotuak, horien artean Hernaniko Elena Beloki eta Iñaki Zapiain. Zenbait komunikabidek zabaldu zuenez, badirudi Madrileko Soto del Real espetxera eraman dituztela 30 atxilotu inguru, baina iturri ofizialek ez dute hori konfirmatu.
Manifestazioa gaur eta Paroa abenduaren 13an
Manifestazioa egingo da gaur Bilbon, ‘18/98’ auziko atxiloketen kontra. Atzo Donostian emandako prentsaurrekoan, auzipetuen izenean Iñigo Elkorok eta Joxe Ramon Arangurenek hitz egin zuten eta herritarrei dei egin zieten makrosumarioaren kontrako manifestazioan parte hartzeko, gaur Bilbon, 12:00etan, Aita Donostia plazan. Bestalde, ordubeteko paroa ere deitu zuten, abenduaren 13an.