Eskuz egindakoaren xarma 28. Artisau Azokan

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 2a, 01:00

´Artisau: iz. Eskulanak usadiozko erara egiten dituen pertsona. Artisau lana`. Marka da gero, hiztegia ofizioaz hain motz aritzea. Bada zer esana horregatik. Hori erakusteko gaur plazara aterako dira hogeita bost artisau ausart. Goizeko 11:00etatik aurrera Atsegindegira hurbiltzen denak ez du faltako begiak zerekin bete, eskuekin zer ukitu. Egurrezko jostailuak, zumezko otarrak, egur taila, ehungintza, marketeria, keramika... Baita umeentzako tailerrak eta beira figurak egiten erakusteko ikuskizuna ere. Artez egina guztia, erosleak etxera munduan bakarra den pieza eraman dezan.

Kulunka denda-tailerrean urte hasieratik aritu dira gaurko Artisau Azokaren ertzak borobiltzen. Lehen hilean joan den urteko azokaren balorazioa egin zuten, martxoan aurtengorako aurrekontua prestatu, eta urrian bilerak eta telefono deiak hasi ziren. Ez dute lan txikia hartu Nerea Bergarak, Itziar Salaberriak eta Gabiltza, Gipuzkoako Artisauen Biltzarrak: hogeita bost artisau elkartzea lortu dute. Bost hernaniarrak; gainontzekoak, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik etorriak. Orain dela bost urte hartu zuten Kulunkako arduradunek Artisau Azokaren bolantea, eta geroztik izan da norabide aldaketarik. Inportanteena, lekuarena. Postuetan lan egin behar dutenak Gudarien plazako zerupean baino goxoago ibiliko dira Atsegindegiko aterpean, eta azokara hurbiltzen direnek ere ez dute sabaia kalterako izango. Orain dela bi urte euriak azoka hondatu zuenean erabaki zuten lekuz aldatzea. Atsegindegi ere ez da perfektua, batez ere haizea kontra jartzen denean, baina Errugbi Elkarteak Garagardo Azokarako erabiltzen dituen plastikoak utzi dizkie artisauei, erauntsia etorrita ere buru egiteko. Gremioen arteko laguntza ez da hor bukatu. Azokaren antolatzaileei laguntzen aritu dira Hernaniko hogei taberna ere.

Umeak artisau

Iaz bukatu egin zen materiala eguerdirako. Ume pila aritu zen iazko eskulan tailerrean eta arratsalderako lehengairik gabe geratu ziren. Artisau Azokan urtero antolatzen dute ikastarotxoa etxeko txikienek entretenitzeaz gain eskuekin zerbait sortu izanaren poza etxera eraman dezaten. Bestela ere ez da, dena dela, entretenimenturik faltako. Irungo Agirretxe anaien dultzainek eta musika eskolakoen trikitixek ez diote inori aspertzen utziko. Zaletasun gastronomikoak dituztenek ere non aukeratu izango dute. Sabela berdindu nahi duenak eskura izango ditu pasta biologikoak, taloak, eztia, opilak, gazta eta ogia.

 

Oihane Sanz Grijalba - Kinoa 

«Jendeak ez du baloratzen erosten
duena eskuz egina dagoen edo ez»

AURTEN aurreneko aldiz parte hartuko du Oihane Sanz hernaniarrak Artisau Azokan. Buztin polimerikoarekin egindako lanak jarriko ditu salgai Atsegindegin, Kinoa izena duen postuan.

Buztin polimerikoa lantzen duzu. Esplikatuko zer den hori?
PVCtik ateratako materiala da, buztinaren antzekoa. Koloretakoa izaten da. Koloreak nahastu, behar duen forma eman eta labean sartzen da gogortzeko. Labetik ateratzean berriz, lijatu eta barnizatu egiten da.

Zer egiteko balio du?
Nik pitxiak egiten ditut: belarritakoak, zintzilikarioak... Jende askok figura txikiak egiten ditu material honekin. Berez nahi duzun guztia egin dezakezu, baina materiala garestia da. 56 gramok bi euro inguru balio du eta gauza haundiak egiteko material asko behar da.

Material guztia erosi, lanean ordu asko eta saltzera joanda jendeak garestia dela esan.
Nik ez daukat enpresarik eta materiala dendatan erosten dut beste edozeinek bezala. Pitxiak egin nahi baldin badituzu bestelakoak ere erosi behar dituzu, belarritakoentzako bolatxoak eta horrelakoak. Eta gero egiten pasatzen duzun denbora ere kontuan hartzekoa da. Nola hala eta azkar samar egin ditzakezu gauzak, eta gaizki, baina gauza kuriosoagoak egin nahi badituzu denbora behar duzu.

Detaile bakoitza zaindu beharra...
Artisau lan guztiak bezala. Azkenean ordu pila bat sartzen ditugu eta gero saltzerakoan ezin dugu benetan balio duena eskatu. Jendeak ez luke erosiko.

Prezioaren azpitik lan egiten duzue.
Materialak balio duena kubritu eta askoz gehiago ez. Gero jendeak esaten dizu ´gaur egun joan zaitezke denda batera eta bost eurorengatik koilare bat erosi`. Klaro, baina ez dago eskuz eginda: diseinua eskuz egindakoan esklusiboa da, ez daude molde batzuk denak berdin egiteko. Badago jendea hori ez duena baloratzen, eta beste batzuk berriz bai.

Bietatik zein aurkitu duzu gehiago?
Gehienek ez dute baloratzen. Gaur egun konpetentzia haundia dago eta edozein dendatan halako pitxia politak aurkitu ditzakezu oso merke. Jendeari ez dio inporta eskuz eginda dauden edo Txinatik ekarritakoak diren. Nik errespetatzen dut, baina nire prezioa gutxitu behar dut horregatik, bestela ez dit merezi saltzeak. Gainera gertatzen zait saltzen ditudan gauzak nik pentsatutakoak eta egindakoak direla eta nahi izaten dut erosten duenak hori baloratzea, ez besterik gabe erostea. Igual tontakeria da, baina egiten ditudan gauzak saltzeak pena ematen dit batzuetan.

Sortzen dituzun gauzek balore sentimentala dutela, alegia.
Askotan gertatzen zait hori, baina, beste aldetik, ezin dituzu egindako lan guztiak etxean gorde. Askotan argazkiak egin eta behintzat gorde egiten dut.
 
Honekin bizimodua ateratzerik ba al dago?
Nik ez dut honetan lan egiten. Hobby modura hasi nintzen. Frantzian egon nintzen hilabete bat eta hango neska batek nola egiten zuen ikusi nuen. Ez nuen materiala ezagutzen baina esan nuen, ´animatu egingo naiz`. Orain dela urtebete-edo hasi nintzen. Poliki-poliki engantxatu egin naiz; egiten zoazen heinean teknika hartzen duzu, liburuak erosten dituzu eta Interneten ere pila bat ikasten duzu. Jende askok jartzen ditu bere lanen argazkiak.

Bestela, hemen ikastea zaila izango da.
Hemen kurtsoak-eta gutxi daude, umeentzako antolatzen dituzte, baina gauza oso xinpleak egiteko bakarrik. Frantzian dago oso zabaldua. Orain dela urte pila batetik ezagutzen dute materiala eta joera haundiagoa dago eskulanak egiteko. Jendeak ordu gehiago pasatzen ditu etxean. Horregatik Frantziako web orrietan sartzen naiz. Internetek aukera asko ematen ditu alde horretatik.

Etxean lan egiten duzu. Tailer bat hartzea pentsatu al duzu?
Etxe txikia daukagu, eta egia esan ultimatum-a eman didate dagoeneko [barre egin du]. Mahai bat okupatzen hasi nintzen, lan gehiago egin eta zabaltzen hasi zen: beste mahai bat, sukaldeko enzimera, sofa pusketa bat... Orain azoka prestatzeko lan gehiago egin ditut eta ia etxe osoa okupatuta daukat! Orain gainera, beste material bat lantzen hasi naiz,  nahiko toxikoa eta kristoren kiratsa! Lokalak eta begiratzen aritu naiz, baina Hernani eta donostialdean ezinezkoa da. Nahiko nuke lasai lan egiteko leku bat edukitzea, ze etxean dagoeneko...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!