«Bezeroak irabaziko du, baina denbora pixka bat beharko da emaitza nolakoa den ikusteko»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 1a, 01:00

Zerbitzu berriaren aurrean, Hernaniko zenbait taxistekin hitz egin du Kronikak, eta baieztatu digute guztiak sartu direla telefono bakarraren zerbitzuan beste erremedio haundirik ez zaiela geratu ere aitortzen duten arren. Zalantzak dituzte zerbitzu berriaren funtzionamenduaren inguruan, baina bezeroak teorian irabaziko duela uste dute: ´orain zerbaitegatik taxi paradan kotxerik ez bada ezin da bezeroa taxian joan, eta telefono bakarrarekin teorian, lokalizatuko diote taxia`. Herrian aukeran izan ez eta urrutiagotik etorri behar duten kasuetan, zerbitzua garestitu ere egin liteke, ordea, baina hori guztia denborak esango du. Oraingo zerbitzua mantendu Telefono bakarraren zerbitzurako Hernaniko taxi guztiak egokitzen ari badira ere (gps sistema, zentralitarekin komunikazioa...), orain arteko telefonoa ere manteduko dute. Berez, bezeroarekin harreman zuzenagoa eskaintzen du orain arteko zerbitzuak ´eta zenbait ahotsetik ere ezagutzen ditugu`. Bi aukerak izan arren, oraingoz ´Hernaniko zenbakira deitzea nahiago` dutela esan digute zenbait taxistak, baina bezeroak beti izango du zenbaki bakarrera deitzeko aukera, eta teorian taxi bat ziurtatzekoa. Segurtasun sistema GPS sistemarekin taxiak lokalizatuak edukiko ditu beti zentralitak eta hori segurtasun sistema bat ere bada taxistentzat. Buruntzaldean, arazorik izan duten galdetuta, askorik ezetz azpimarratu dute: ´beti izaten dira arazoak eta hemen ere izan dira, normalean txikiak. Hala ere, inoiz ez dakizu zer gertatu litekeen eta kezka beti izaten da`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!