Gipuzkoako taxientzako zenbaki bakarra astelehenetik aurrera martxan

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 1a, 01:00

ETZI jarriko da indarrean Gipuzkoako taxien zenbaki bakarra eta Gipuzkoako taxisten %70ak onartu du oraingoz, Foru Aldundiak emandako datuek diotenez. Hernanin 19 taxista daude eta guztiak sartu dira egitasmoan Kronikak jakin ahal izan duenez. Taxiek GPS sistema bat izango dute eta zentralita batean bakoitza non dagoen jakin ahal izango dute. Horrela, norbaitek zenbaki horretara deitzean, libre dagoen taxia bidaliko dute zentralitatik, edo taxi guztiak zerbitzua betetzen ariko balira, bezeroari esango liokete zenbat denbora itxaron beharko duen. Sistema honek teorian bermatuko luke bezeroa taxirik gabe ez geratzea.

Buruntzalde barruan
Hernaniko taxiek Buruntzaldeko herrietan dute jendea hartzeko baimena, hortik kanpora ezin dute bezerorik hartu kasu normaletan. Zerbitzu berriak ere hori errespetatuko du eta lehentasun sistema bat jarriko du, ahal dela herriko taxiek hartu ditzaten beti herrikoak. Baina, herriko taxirik ez balego edo zerbitzu luze batean baleude, Buruntzaldeko bat etorri liteke Hernanira ere bila, Hernaniko taxietara deitu beharrik gabe. Hala ere, Hernaniko taxien betiko zenbakiak ere indarrean jarraituko du eta herritarrek lasai hots egin lezakete bertara orain arte bezalaxe. Zerbitzu berria bezeroari kostako zaiona 20 xentimo izango dira bidaiako eta diru hori baita GPS sistema berri zentralizatua ordaintzeko erabiliko da. Egitasmoan ez dira sartuko Donostiako taxiak, eta guztira, Gipuzkoan taxi lizentzia duten 379 taxietatik 167 sartuko dira. Gaur egun, Gipuzkoako 44 udalerrik dute taxi zerbitzua eta Foru Aldundiak jakitera eman du, egitasmo berriarekin taxirik ez duten 43 udalerriei ere emango zaiela zerbitzua. Ibilgailu egokitu bat jartzeko lizentzia Buruntzaldean ez dago taxi egokiturik elbarrientzat edo mugikortasun arazoak izan litzakeen jendearentzat. Buruntzaldean lizentzia bat ematea ari dira aztertzen Andoain, Lasarte, Urnieta, Usurbil eta Hernaniko Udaletako eta taxietako ordezkariek osatzen duten Batzordean. Eskaera Astigarragako taxi batek egin du eta datorren astean bertan erantzun behar dio Batzordeak eskariari. Eskaera onartuko balitz, taxi egokituak 8 plaza izango lituzke txoferrarenaz gain.

Hurrengo bilera eguberri ostean
Buruntzaldeko taxi Batzordeak hainbestean behin egiten ditu bilerak eta hurrengoa eguberri ostean egitekoa dute, Astigarragan. Zenbaki bakarraren lehen emaitzak aztertu eta txotx denboraldiko neurriak aztertuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!