EA: «EAE-ANVk Arauek aurrikusten zituzten etxebizitza babestuak murriztu nahi ditu»

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 1a, 01:00

EUSKO Alkartasunak prentsara bidalitako ohar baten bidez salatu nahi izan du, ´EAE-ANVk Arau Subsidiarioen garapena geldiarazi` nahi duela, ´aurrikusten ziren etxebizitza babestuak murrizteko`. Horren inguruan adierazi du, Foru Aldundiak eskatzen duen testu errefunditua ez tramitatzea erabaki duela EAEk. EAko bozeramaile den Iñaki Arratibelek dioenez, Gobernu Taldea momentuz bi eremutan ari da lanean, Txantxilla eta Galarretan. Txantxillari dagokionean, dioenez, ´hitzarmenaren aldaketak babestutako 6 etxebizitzen galera ekarriko du`. Galarretari buruz, dioenez, ´egin nahi diren aldaketekin 300 etxebizitza gutxiago egingo lirateke, horietatik 200 Babes Ofizialekoak`. Arratibelek dio EAEk jarri duen estrategia honekin ´bulego itxietan negoziatzen diren hirigintza hitzarmenetara bueltatzen` dela. Guzti hau hernaniarren kalterako izango dela dio eta galdetzen du ia non dagoen ´ANVren politika aurrerakoia, partehartzea eta gardentasuna`. Bukatzeko Gobernu Taldeari eskatu dio indarrean dauden Arau Subsidiarioak betetzea, ´aurrikusten diren etxebizitzen erdia baino gehiago babestuak direlako`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!