Espainiako Audientzia Nazionalak 18/98 markroprozesuan epaitutako 52 lagunetatik 46 atxilotzeko agindua eman zuen atzo, eta horietatik asko atzo bertan atxilotu zituen poliziak. Hernanin, Elena Beloki atxilotu zuten eta Iñaki Zapiain hernaniarra ere 46ko zerrenda horretan dago atzo zabaldutako informazioaren arabera. Atzo Kronikako erredakzioa itxi zenerako, 25 lagun behintzat atxilotu zituzten espainiar poliziek, zenbait komunikabidek jakitera eman zutenez. 18/98 auziko epaia ez dute eman, baina atzo bertan zabaldu zutenez, litekeena da laster ematea, agian abenduaren 10ean. Zabaldutakoaren arabera, Audientzia Nazionaleko epaileek epaia prest dute eta aldez aurretik ´ihes egiteko dagoen arrisku haundiagatik` atxilotu omen dituzte 46 kideak. Fiskalak 4 eta 19 urte arteko kondenak eskatuak ditu inputatuentzat.
Mobilizatzeko deia
Atzo jakitera eman zutenez, inputatuek eta beren senide eta ingurukoek manifestazio nazionala deitu dute bihar goizean, Bilbon. Horrez gain, Askatasuna erakundeak atxiloketak salatu zituen prentsa ohar batean bidez. Bere hitzetan ´oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen dituzte atxiloketa hauek, edozein demokraziatan eskandalu politiko izugarria suposatuko lukeen eskubideen ukazioa hain zuzen ere`. Horren aurrean, ´herri bezala kalera ateratzeko` deia luzatu du Askatasunak, eta gaur nahiz datozen egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin du.