EUSKAL Produktuen Katalogoa aurkeztu zuten atzo herrian, ekimen honetan partu hartu duten euskera teknikariek. Badira urte batzuk Gabon inguruan euskerazko produktuak biltzen dituen katalogo hau kaleratzen dela, merkatuan dauden euskerazko eta kalitatezko produktuak eskura jartzeko asmoz. Katalogo hau Euskal Herriko lurralde ezberdinetan banatuko da, baita Hernanin ere, eta ikastetxeen bidez banatuko da, gehien bat. Hala ere, Udaletxeko Euskara Zerbitzuetan eta liburudendetan ere eskura daiteke. Guztira 260.000 ale banatuko dira Euskal Herri osoan.
Denetariko produktuak
Katalogo honetan, batez ere, 16 urtez azpiko haur eta gazteentzat egokiak izan daitezkeen produktuak biltzen dira, guztira 320 produktu, iazko katalogoan baino 50 gehiago. Denetarik aurki daiteke: filmak, musika, jostailu eta jokoak, informatika, komikiak, aldizkariak eta haur txikien gurasoentzako produktuak.
Salmentak gora,
katalogoaren eraginez
HERRIKO liburudendek adierazitakoaren arabera, katalogoan agertzen diren produktuen salmentak gora egin du nabarmen.
Lete liburudendakoek azaldu dute produktu klase ezberdinek izaten dutela arrakasta, agian gehiena haurrentzako ipuinek. Hala ere, puzzleak, joko didaktikoak eta DVDak ere saltzen omen dira. Datu bat ere eman du liburudendak: gutxi gorabehera haurrentzat saltzen diren produktuen %80a euskerazkoa izaten da. Helduen kasuan, nobelak izaten dira gehien saltzen direnak, eta hauek, gehienak, gaztelaniaz idatzitakoak.