Herrikomunikabideak: iragana eta etorkizuna mahainguru saila antolatu du Natza elkarteak, azaro eta abenduan. Joan den azaroaren 22an Komunikabideekin Euskal Herria egiten izeneko mahaingurua izan zen. Gaur, osteguna, Hezkuntza eta komunikazio teknologiak izeneko hitzaldia izango da eta datorren astean, abenduaren 4an, Herri komunikabideen etorkizuna Hernanin mahaingurua egingo da.
Orokorretik lokalera
Lehenengo hitzaldiarekin marko orokorra eman zitzaion gaiari, alegia, Euskal Herriko komunikabideen gaineko hausnarketa egin zen. Datorren astekoarekin, berriz, marko lokala emango zaio gaiari, alegia, Hernaniko komunikabideek zein etorkizun ikusten duten.
Teknologia eta hezkuntzan adituak
Gaurko hitzaldian, teknologiak eguneroko hezkuntzan duen garrantzia, eragina, zertarako erabiltzen den, zein irizpideren arabera, ikuspegi kritikoarekin erabiltzen den, eta abar aztertuko dute. Horretarako hiru aditu bilduko dira gaur: Antxon Alfarok telebista eta Hezkuntzaren arteko harremana aztertu du; Elena Sarasa informatika eskoletan aditua da, eta Kike Riaño helduen hezkuntzan. Honelako ekimenen bidez, natza elkarteak herriko gaien inguruan hausnarketa bultzatu nahi du.