«Hezkuntza eta teknologiaren munduan erabiltzen den irizpide bakarra moda da»

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 29a, 01:00

Kike Riaño Hernaniko Helduen Hezkuntza Iraunkorrean, HHI-EPAn alegia, aritzen da irakasle; horretaz gain, teknologia berrien erabileraren gaineko kezka ere badauka. Biak nola uztartzen diren azalduko digu gaur, arratsaldeko 19:30etan, Errotan (Antziola 7) egingo den mahainguruan.

Zein da gaurko mahainguruaren abiapuntua?
Gaur egun hezkuntza munduan garrantzi handia dute komunikazio teknologiek. Asko erabiltzen dira, gero eta gehiago, erabilera horren emaitzak, ordea, eskasak dira. Itxurari ematen zaio garrantzia, batez ere. Helduen hezkuntzan ematen zaion erabilera eta emaitzak ere kaskarrak dira. Gaur egun irudiak sekulako garrantzia du. Dena da irudia, telebista, zinea, pantailak, mugikorrak... Bisuala da erabat, atsegina, erreza... ez dago ikuspegi kritikorik.

Mahainguruaren izenburua Hezkuntza eta komunikazio teknologiak da. Hezkuntza diozuenean, esparru zabalaz ari zarete, ezta?
Bai, oso zabala. Lehen eta bigarren hezkuntzan, helduen hezkuntzan... Erabiltzen den irizpide bakarra zera da: zer dago modan? Modan baldin badago, ondo dago. Dena itxuran geratzen da, ez dago sistematizatua, ez dago irizpiderik, gaizki antolatua dago.

Egoera honen aurrean, ba al duzu proposamenik?
Nire ustez, hezkuntza eta komunikazioaren inguruko arlo transbertsala, espezifikoa, sortu beharko litzateke. Euskarri guztiak hartu beharko lirateke kontuan: telebista, zinema, mugikorrak... ikus-entzutezko tresna guztiak.

Zein alderdiri erreparatu behar dio ikuspegi kritiko horrek?
Batez ere edukiari, baina oro har, ikuspegi kritiko orokorra izan beharko genuke.

Gabezia handia sumatzen duzu hezkuntza eta komunikazio teknologien esparruan?
Itxurak garrantzi ikaragarria du, hortik aurrerakoa, ordea, ez da batere zaintzen: irakasleek ez dute formaziorik, irizpiderik, ez ezer.

Nola uztartuko zenuke gaurko mahaingurua, ‘Herri kominikabideak: iragana eta etorkizuna’ hitzaldi sortarekin?
Gaurkoan batez ere hezkuntzaz ariko gara, eta alderdi teknologikoaz, guk pantailak esaten diegun horietaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!