KRISKITIÑA dantza taldeak urtero sasoi honetan egiten duen moduan, gazteen dantza txapelketa antolatu du, aurten 13garren aldiz. Dantza txapelketa eguerdiko 12:00etan izango da, Plaza Berrin. Euria egingo balu, Sandiusterrin egingo dute.
Guztira 16 bikote,
tartean Hernaniko bat
Txapelketan 16 bikotek hartuko dute parte, tartean Hernaniko batek, Sugarri Rodriguez eta Maria Saavedrak osatzen dutenak. Gainerako dantzariak, Azpeitia, Bergara, Lezo, Pasaia, Lazkao, Donostia, Orio, Portugalete eta Trapagaranetik datoz.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, oso pozik daude txapelketan lortu duten partehartze zabalarekin, izan ere, Euskal Herriko Txapelketan baino bikote gehiagok parte hartuko du igandeko txapelketan.
Parte hartzaileek gehienez ere 15 urte izan ditzakete eta baserritarrez jantzita dantzatu beharko dute. Bikote bakoitzak fandango bat eta arin-arin bat dantzatu beharko ditu. Piezak Beñat Luluagak eta Markos Landak joko dituzte trikitixarekin.
Epaimahaia, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatuko dute. Sariak partehartzaile guztientzako izango dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!