PLENOA izango da gaur eta etxebizitzarekin lotutako bi puntu garrantzitsu aztertuko dira bertan. Batetik, Sagastiyako etxebizitzei buruz hitz egingo da; bertan orain arte herrian egin diren Babes Ofizialeko etxebizitza gehien eraikiko dira, 297. Bestetik, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaz ere hitz egingo da. Plenoa arratsaldeko 18:00etan izango da.
Sagastiya-ko etxeak 2009an egiten hasi nahi lukete Gaurko plenoan Sagastiya-ko etxebizitzen plan partziala onartu liteke. Plan partzial horretan zehazten da, besteak beste, eraikitzeko erabiliko den lurra nola banatuko den, eta beste hainbat xehetasun. Plan Partziala erakusketa publikoan egon da eta azken urratsa gaurko Plenoan onartzea izango litzateke. Gaurko Plenoan onartuz gero, Udalak etxebizitza hauek egiteko egin beharreko gestioak bukatuko lituzke. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren lana izango da lurrak expropiatzea, urbanizazio proiektua egitea eta etxebizitzak egin eta zozketatzea. Marian Beitialarragoitia Alkateak azaldutakoaren arabera, Plan Partziala gaurko Plenoan onartuko balitz, Eusko Jaurlaritzak datorren urtean ekingo lioke expropiazioei eta 2009an etxebizitzak egiteari. Alkateak dioenez Jaurlaritza eta Udala ahaleginetan ari dira etxebizitza hauek ahalik eta azkarren eraikitzen hasteko.
297 etxebizitza Sagastiyan Babes Ofizialeko 297 etxebizitza egitea aurreikusten da, horietatik gutxienez erdia hernaniarrentzat izango dira. Bestalde, hernaniarrentzat aurrikusten diren etxebizitzen erdia alokatzeko izango dira. Etxebizitzetaz gain, 35.000 metro koadro inguruko parkea egitea aurreikusten da, Iturmendi plaza izenekoa, ondoko baserriaren izenari erreferentzia eginez. Eraikitzekoak diren lurrak, Antziola atzeko lursailetik Etxeberri bitartera zabaltzen dira. Babes ofizialeko eraikinak bi etxe multzo izango dituzte: aurrenekoa, Antziola baserriaren atzekaldetik Iturmendi baserriaren atzekalderaino izango litzateke; eta bigarrena, Sagastialde auzoa eta Sagastiya baserriaren tartean geratuko litzateke. Parkea bi bloke horien artean egingo dute.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaz ere hitz egingo da gaurko Plenoan. Ordenantza onartuko balitz erakusketa publikoan jartzea litzateke hurrengo urratsa, jendeak alegazioak egin ditzan. Alegazioak aztertu ondoren, behin behineko onarpena eman beharko litzaioke. Alkateak esan duenez, espekulazioari ateak ixteko neurriak daude tartean.
Aholku batzordea Gaurko plenoan, hirigintza gaietarako aholkularitza batzordea osatzeko tramiteak hastea ere bozkatuko da. Batzorde honetan, auzoetako, kultur arloko, kirol munduko eta elbarrien ordezkariak bilduko lirateke, besteak beste.