Zertan datza ‘Por los buenos tratos’ kanpaina?
Genero indarkeria alde batera uzteko gazteei zuzendutako egitasmo bat da. Kanpaina honen helburua honakoa da: pertsonen arteko harremanak osasuntsu, aske eta berdintasunean oinarrituak izatea. Zergatik da bereziki gazteei zuzendua? Arrisku berezirik sumatzen al da? Arrazoi askorengatik, batzuk praktikoak. Taldeko kide gehienak gazteak gara; bestalde, hezkuntzan erabiltzeko materiala lantzen dugu. Dena den, garrantzitsuena zera da: genero indarkeriak eragina du gazteengan; azkenaldian izan diren hilketa eta eraso asko gazteen artekoak izan dira. Kalkuluen arabera, gazteen %11ak erasoak egin edo jasaten ditu.
‘Estrategias para hacer frente a la violencia de género’ da hitzaldiaren izenburua. Zein motatako estrategietaz ari gara, estrategia orokorrak ala zehatzak?
Jakina, estrategia orokorrak aldarrikatzen ditugu: emakumeak autonomia lortzeko bideak jarri, gizarte baliabide gehiago eskaini, ez utzi dena kartzela zigorren menpe... Baina, era berean, estrategia zehatzagoak lantzen ditugu, gazteen kasuan, esate baterako, hezkuntzan trataera positiboa eman behar zaio gaiari, pertsonen autonomia bultzatu eta baloratu behar da... Hezkuntza oso garrantzitsua da; gure amonak hitz gutxitan esaten zuen: ´haurrak zer ikusi, hura ikasi`. Irakasleekin irizpide psikopedagogikoak lantzen ditugu, arazoak agerian jartzen laguntzeko, identifikatzen jakiteko... beti ere, hezkuntzaren alorrean. Arratsaldeko hitzaldian, berriz, gizarte esparruari garrantzi haundia emango diot, baina baliabide zehatzak ere aipatuko ditut.
Zein motatako jendea espero duzu hitzaldian? Jende gaztea espero duzu? Zergatik ez?
Gazteak etortzen dira nire hitzaldietara; ez dakit hemengo jendeak nola erantzungo duen. Dena den, goizean gazteekin izango naiz, arratsaldekoa irekia da, edonor joan daiteke.
Zein biolentzi mota ematen da gazteen artean gaur egun?
Kontu haundiz ibili behar da gai hauekin. Ez dugu pentsatu behar, ezta gutxiago ere, gazte guztiak erasokorrak direnik; ehuneko txiki bati buruz ari gara. Eraso motei dagokienez, era askotakoak izan daitezke: irainak, mespretxuak, umilazioa... desgaste psikologikoa eragin dezaketenak, besteak beste. Azken finean, jarrerei buruz ari gara, esate baterako, gehiegizko zeloak, lagunarekiko gehiegizko kontrola, bikotearen inguruko mito faltsu asko... Ez gara ageriko gatazketaz ari, natural jokatzeko zailtasunaz baizik. Hartu-emanak naturaltasunez izaten ikasi behar dugu, modu konstruktiboan, positiboan.