URTERO abenduko aurreneko igandean izaten den bezala, datorren igandean ospatuko da Hernanin Pablo Lasa Artisau Azoka, aurten 28garren urtez. Euskal Herriko bazter ezberdinetatik etorritako artisauak bilduko dira, Atsegindegiko aterpean, eskuz egindako lan ikusgarriak erakustera. Hernanitik ere ez da ordezkaririk faltako eta azken urteetan bezala bertan izango dira: Paco Muriana (makilak), Maider Kalonje (egur taila), Kulunka (marketeria) eta Anastasia Leunda (ezkurra eta artilea). Aurten Hernaniko postu berri bat ere izango da, Kinoa izenekoa, fimoarekin lanak egiten dituena.
25 postu denetara
Denera 25 postu izango dira, eta urtero bezala denetariko lanak ikusteko aukera izango da. Kinoa hernaniarraz gain, aurten beste 7 postu berri izango dira: El gato que rie (lanparak eta objetuak), Mia Rissanen (ehungintza), Lola Altolagirre (ehungintza), Jon Martinez (harri lanak), Jostugarri (patchwork lanak), Kiara (beira) eta Arantxa Iparragirre (zeramika).
Musika, ikuskizuna eta jan edanak ez dira faltako
Artisau Azokaren bueltan, goiz eta arratsaldeko egitaraua antolatu dute. Batetik, bertatik bertara, beira figurak nola egiten dituzten ikusteko aukera izango da. Jatekoa ere ez da, faltako urtero bezala, eta taloak, pasta biologikoak, gazta, eztia, opilak eta ogia izango dira. Musika, Hernaniko Musika Eskola Publikoko trikitilarien eskutik eta Irungo Agirretxe anai albokarien eskutik izango da. Azoka goizeko 11:00etatik 14.30etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da.