Genero indarkeria salatu eta ´tratu onaren alde` egin zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 26a, 01:00

Plaza Berrin egin zen kontzentrazioa, Berdintasun Kontseiluak, Herne Neska Taldeak eta Gizon Taldeak deituta. Afrika Bibang-en kontzertua izan zen arratsaldean Atsegindegin.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, kontzentrazioa izan zen atzo Plaza Berrin, Berdintasun Kontseiluak, Herne Neska Taldeak eta Hernaniko Gizon Taldeak deituta eta Udalak babestuta. Tratu onaren alde eta Emakumeen kontrako indarkeriarik ez!! zioten bi pankarten atzean elkartu ziren 50 bat lagun. Kontzertua Bestalde, Afrika Bibang kantariaren kontzertua ere izan zen atzo egunaren bueltan antolatutako ekitaldietan. Atsegindegin hotz egiten zuen iluntzean, baina kantaria saiatu zen bere kanta eta dantzekin inguratutako jendea girotzen, azaldu zuen moduan, bera bizi izan zen herrian. Bestalde, etzi ere izango dira bi ekitaldi: Langile ikastolan, tailer eta ikastaroak izango dira; eta arratsaldeko 20:00etan, Belen Gonzalezek hitzaldia emango du Biterin, Estrategias para hacer frente a la violencia de género izenburuarekin.

Hernanin ere egoera latza
Genero indarkeriaren inguruan ematen dituzten datuak latzak dira eta Hernaniko egoerak ere erakusten du hori. Asistenta sozialek emandako datuen arabera, 2007an 16 emakume izan dira Hernanin tratu txarrak salatu dituztenak eta nabarmendu dute indarkeria gizarte maila eta inguru ezberdinetan ematen dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!