Hogeita hamargarren Donostiako Maratoia izango da gaur, goizeko 09:00etan Anoetako estadiotik. Korrikalariek 42,2 kilometro luze egin beharko dituzte, berriz ere abiera puntuan bukatzeko. Parte hartuko duten ia 3.000 atletek helburu desberdina eramango dute: gutxi batzuk lehen postuak disputatzeko helburua eramango dute; beste batzuk beren erronka bete eta denbora jakin batean bukatu; eta asko eta askok ahalik eta ondoen bukatzea izango dute helburua. Urteroko moduan hernaniarrak ere izango dira gaurko proban, eta Kronikak hernaniarren argazkia ateratzeko asmoa du irteera aurretik, goizeko 08:30etan Atano III aurrean.
Urre koloreko historia
Gaurko probaren aitzakian, atzera begira jarri eta errepaso bat eman nahi diogu Maratoiak Hernanirekin izan duen loturari. Baldomero Jiménezek eman dizkigu xehetasunak. Lehen Maratoia 1978an jokatu zen, eta orain arteko parte hartzaile gehiena izan zuen, atletismoak ordu hartan zuen ospeagatik edo. 3.600 lagun irten ziren, hauetatik 13 Urumea-Hernani klubekoak. Emakumezkoetan irabazle Rosi Talavera hernaniarra izan zen eta errekor nazionala jarri zuen gainera, 3:27:44ko denborarekin. Hurrengo urtean ere, Talaverak berak irabazi zuen, berriz ere errekorra jarrita, 3:04:09 denborarekin.
Hiru ordutik jaisten lehena
Rosi Talaveraren palmaresa ez da Donostiako Maratoian bukatzen. Bera izan zen estatuan 3 ordutik jaisten lehen emakumezkoa, Oiartzunen jokatutako maratoian hain zuzen ere, 2:59:30. Aurrerago, Valladolideko Maratoian denbora hau berak hobetuko zuen berriz ere, 1981ean, 2:58:55 denborarekin.
Gaspar Esnaola 1981ean
Donostiako maratoian Hernaniko klubarentzako hurrengo garaipena Gaspar Esnaolak lortu zuen 1981ean, Gipuzkoako marka hobetuta: 2:24:31. 1983an ere, Esnaola bera izan zen irabazle, eta denbora hobea jarrita gainera: 2:18:00.
Maria Luisa Irizarren aroa
Hernaniko klubaren garaipenak kontatzen hastean, Maria Luisa Irizar da gorenean azaltzen dena. 1986an berak irabazi zuen Donostiako Maratoia eta Estatuko errekor berria jarri: 2:38:28. Hurrengo urtean ere berak irabazi zuen eta errekorra hautsi 2:36:11. Maria Luisa Irizarrek hirugarren garaipen bat ere badu, 1991n lortua, 2:36:28 denborarekin. Irizarren hiru garaipen hauen artean, hala ere, Rosi Talaverak badu beste bat Donostiako Maratoian: 1989an berak irabazi zuen 2:39:21 denbora bikainarekin.