Inor gutxiri gustatzen zaio eskaileretan gora eta behera ibiltzea altzari zaharrak kargatzen. Horretarako beti bilatzen dugu ingurukoen laguntza eta, hala ere, ez dira momentu samurrak izaten, batez ere gure gerrialdearentzako. Hernanin asteartea da altzari zaharrak botatzeko jarria dagoen eguna. Astearteetan armairuak, somierrak, kajoiak, mahaiak eta abat aurkitu ohi ditugu herriko edozein zokoetan. Horiek jasotzeko, astearte gauean edo asteazken goizean enpresa bateko langileak pasa ohi dira kamioiarekin. Bada, dena den, altzariak etxetik ateratzeko beste alternatiba bat, Emaus fundazioak eskaintzen duena. Berrerabilpena bultzatzeko nahiarekin, elkarte horrek erabilitako altzariak jaso, eta, ondo zainduta egonez gero, saldu egiten ditu, Donostian, Irunen eta Tolosako dendetan. Jasotako materiala saltzeko aproposa baldin bada, debalde egiten du zerbitzua Emausek; bestela euro batzuen truke egiten dute bilketa. Altzariez gain, liburuak, tresna elektrikoak, bazar artikuluak, erropa eta abar ere hartzen dute.
Telefonoz eta konpromisorik gabe
Emauseko langileak zure etxera altzari bila joatea nahi baduzu, lehen pausoa telefonoz deitzea da, zenbaki honetara: 902 455 855. Ondoren, zita bat egin ohi da langileekin, materiala ikustera edo, zuzenean jasotzera joateko. Langileek, gero, gaien balioa kalkulatzen dute eta zerbitzuaren prezioa jakinarazten diote jabeari; bilketa erdiak baina gehiago debalde izaten dira. Ados jarri ezean, eskatzaileak ez du ezer ordaintzen. ´Deia konpromisorik gabekoa da, ez da binkulantea` esan digu Begoña Cabaleiro Emaus Fundazioko kideak.
Berrerabilpenaren azken urratsa: salmenta
Altzariak eta gainontzeko materiala jaso ondoren, Belartzako Eko Center-era eramaten dituzte, eta han ingurugiro irizpideak jarraituta, egoki sailkatzen dituzte. Saltzeko moduan dagoena, segituan salgai jartzen dute: ´Jartzen eta kentzen ibiltzen gara beti. Dendako ´paisaia` agudo aldatzen da. Bigarren eskuko merkatuak hori dauka, produktuak merkeak eta ´unikoak` direla eta azkar ibili behar da` Cabaleiroren esanetan. Cabaleiroren arabera, berrerabilpena gora doa: ´Ez bakarrik hemen, baita Ingalaterran eta Frantzian ere. Gazteak ondo informatuta daude eta diruz, berriz, justu; kontsumo arduratsua egiten dute. Ez dugu ahaztu behar poltsikorako aukera hau interesantea dela; ingurugiroarentzat, aldiz, ezinbestekoa`.