‘Rekarte’ urnietarra da eta Jose Ignacio hernaniarra. Bien artean ostiralean kamioikada bat gai eraman zuten Belartzako biltegira, egunero legez. Denetatik bildu zuten: altzariak, liburuak, etxetresnak eta abar. Bilketa erdiak baino gehiago debalde egin zituzten, materiala egoera onean zegoelako eta dendan berriz saldu ahal izango delako.
Ilunpetan bagoaz!
Goizeko 08:00ak jo aurretik, bi lagun hauen kamioia errepidean da jada Donostia bidean. ‘Rekarte’ dijoa bolantean: bietan esperientziduna bera da, 17 urte baitaramazki Emausen, bilketak eta beste lan batzuk egiten. Geroago konturatuko gara begi zorrotza duela altzariak katalogatzeko eta ‘di-da’ batean antzematen duela zerk balio duen eta zerk ez. Kobratu behar izanez gero, segituan jartzen dio prezioa zerbitzuari, eta gero jabearen esku dago onartzea. ´Urte asko dira kamioiarekin bueltaka eta normalean ni joaten naiz bilketa haundiak egin behar diren etxeetara, aurrez begiratzera zenbat jende eta denbora beharko den lanerako, eta zer jenero den`. Hainbeste urtetan jende askorekin konpartitu du kamioia, eta orain Jose Ignacio da bere laguna, kopiloto on batek egiten duen bezala, helbidea zuzen esaten diona. Josek sei hilabete daramazki Emausen lanean. ´Lana ez da falta hemen. Jende askok deitzen digu bilketak egiteko eta egunero izaten dugu zazpi bat orduko lana, Donostian gehiena, baina Gipuzkoako beste herrietan ere bai`. Goizetik giro ona somatzen da lanerako, eta gustora goaz kamioian txantxa artean: ´Ikusten duzu pegatina hau? (Ez erretzeko ikurra) Kamioi bakarra da hau barruan erre izen daitekeena. Honek ez dit uzten` dio Jose Ignaciok. ‘Rekarte’ren erantzuna: ´Zigarroa erretzera kanpora. Nik ez dut sekula erre; eta nahikoa ke irentsi dut lehen izan nuen lankide batekin!`.
Igogailua eta aparkalekua, ez beti
Aurreneko geltokia sofa-ohe bat hartzeko izan zen eta igogailuan sartzen zenez, aise jaitsi zuten. Aparkalekuarena beste kontu bat izan zen; azkenean kamioia espaloira hala moduz igo eta kargatu zuten altzaria. ´Aparkalekua da arazorik haundiena` dio ‘Rekarte’-k. ´Batzuetan udaletxean tokia erreserbatu behar izaten dugu, bilketa haundiak egiteko`. Ondorengo bilketetan zamalanetarako erreserbatatuko aparkalekuak tokatu zitzaizkien gertu, eta pixkanaka kamioia betetzen joan ziren. Bederatzi etxeetara joan, eta batean kajonera, bestean silloia eta liburuak, bestean ´zubi-armairua`... jaso zituzten. Gros auzoko etxe batean, berriz, materiala baloratzea egokitu zitzaion ‘Rekarte’-ri: ´Hamar altzari baino gehiago ziren, eta gutxi zeuden ondo. 100 euroan egingo diogu`.
Berrerabiltzearen kontzientzia
Beste aukera batzuk existitzen diren arren, jende askok jotzen du Emausera etxea ´husteko`. Jendeak bota beharrean, nahiago omen du berrerabiltzeko aukera ematea: ´Badago kontzientzia. Altzariak kalean utziz gero, zabortegira doaz zuzenean, eta guk berrerabiltzeko aukera hori ematen dugu`. Belartzako dendan frogatu genuen ez direla erosleak falta ´mahuken` bila. ´Ondo dagoen materiala aidean saltzen da. Lehengo astean lau altzari klasiko bildu genituen, eta egun batean saldu ziren lauak! Jendea zain egoten da dendara altzari politak noiz sartuko`.