Urrezko bost puntu jokoan, bihar Landaren

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 24a, 01:00

LIGAKO talderik ahulena hartuko du bihar Hernanik Landaren, baina ez dute konfiatu nahi eta buru-belarri irtengo dira bost punturen bila. Kataluniako Cornella taldea jendez justu xamar dabil eta azken partiduan ez ziren azaldu lehen lerrorako jende nahikorik ez zutelako. Baina, hernaniarrak ere ez dabiltza jendez sobran, aurten lesio asko izaten ari baitira eta plantila justuarekin jokatu behar izan dituzte azken partiduak. Joxe Elosegik 10-12 baja izango ditu biharko partidurako, baina esperantza badu datozenetarako jendea poliki-poliki berreskuratzen hasteko.

Urte bukaera arte hiru partidu
Cornella eta Durangoren aurkako partiduekin bukatuko du Hernanik lehen itzulia eta urtea bukatzerako Gernikaren aurka ere jokatu beharko dute. Hiru partiduak irabaztea izango dute helburu Landarekoek, horrekin lehen bi postuetan sartzeko aukera asko izango bailituzkete. Hala ere, partiduz partidu joatea da beharrezkoa, aurrera begirako helburuekin itxutu gabe.

Burua altxatzen
Hernaniarrek ez zuten liga hasiera erraza izan, uholdeak medio, ezin izan baitzuten aurredenboraldia behar bezala prestatu. Gernikaren aurka lehen partidua ezustean galtzeak lehen bi postuetan sartu eta igoera play offa jokatzeko aukera zaildu dio hernaniarrei. Baina, denboraldiak aurrera egin ahala, beren jokoa hartzen ari dira, eta lesioek baja asko eragin badute ere, partidu zailak ari dira aurrera ateratzen. Lehengo asteburuan Cisneros talde gogorrari irabazi izanak moral haundia eman die hernaniarrei, Liceo Francesen aurka Madrilen 51-10 galdu bazuten ere, lehen zatian hortzak erakutsi zizkien, eta ia ordezko jokalaririk gabe jokatu izanak kendu zizkien hernaniarrei emaitza hobea lortzeko aukerak. Hiru partidu irabazi eta bi galduta daude sailkapeneko 5garren tokian, lehen postutik bost puntura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!