«Pozik nago berriz ere kantatzeko aukera izango dudalako; nik hori nahi nuen»

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 24a, 01:00

NOLA egituratu duzue gaurko kontzertua?
Egitarauan ikusten den bezala, lehendabizi txistulariak ariko dira, Patxi Apezetxearen gidaritzapean. Ondoren, Kantuz Abesbatzak 7 kantu abestuko ditu, eta bukaeran denok batera ariko gara. Kontzertuaren ondoren herri buelta egin eta afaltzera joango gara.

Zenbat lagun ari dira orain Kantuzen? Noiz sortu zen?
Orain 45 lagun inguru biltzen gara, izan dira urte makalagoak. Horrelakoetan batez ere gizon falta sumatzen da; zailago da gizonak etortzea. Dena den iaz, esate baterako, gizon asko hurbildu ziren eta sorpresa izan zen guretzat. Sorrerari dagokionez, 1988an sortu zen Jaione Eskuderok eta Fernando Ederrak bultzata; geroztik Jabier Zubimendi aritu da 10 urtez zuzendari, nik hartu nuen arte. Zerbait azpimarratzekotan gure koruaren izaera irekia aipatuko nuke, oso irekia izan da beti edonorentzat eta herriko elkarteekin harreman handia mantentzen saiatu da; edonondik deituta, ahal izanez gero behintzat, joan egiten gara.

Zure esperientziari dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?
Jende helduarekin lan egitea zaila da batzuetan. Niretzako konpromezu asko eta handiak suposatu ditu lan honek. Esate baterako, beste edonork kale egin dezake noizbait, nik ezin nuen inoiz kale egin; batzuetan gogorra izan da. Baina satisfazio handiak ere eman dizkit; jendeak eskertzen du zure lana. Orokorrean nire balorazioa oso positiboa da.

Zergatik aldaketa? Zergatik utzi diozu zuzendari izateari?
Orain oso pozik nago berriz ere kantatzeko aukera izango dudalako. Beti gustatu zait kantatzea eta bueltatzeko gogoz nengoen. Azkeneko urteetan faltan bota dut eta nik hori nahi nuen. Azkeneko kontzertua duzu gaur. Zein sentsazio eragiten dizu horrek? Irailean erreleboa egin genuenean banekien kontzertu hau nik zuzenduko nuela, beraz, kurtso hasieratik hasi nintzen kontzertu hau prestatzen. Ez dit sentsazio berezirik sortzen... Beno, lehengo batean eskatu nien korukoei hori kontuan hartzeko eta ahalegin berezia egiteko. Nire azkenekoa Sanjoanetan egin nahi nuen, baina ezusteko bat medio, ezin izan nuen.

Zer behar da abesbatzako zuzendari izateko?
Lan egiteko gogo handia eta pazientzia ikaragarria. Korua berandu biltzen da, jendea nekatuta dago... Nire aldetik lan pertsonal handiagoa egin behar izan dut nire burua prestatzeko. Ni, hasi aurretik, kantatzen ari nintzen. Jabierrek zuzendari formaziorako kurtso batzuk egitea proposatu zidan, eta halako batean, berak utzi behar zuela eta, ni proposatu ninduen. Urte beteko konpromezua hartu nuen, eta lau egin ditut. Batzuetan kezka handia izan da niretzat, baina erantzun nahi nuen.

----------------------------------------------------------------------------------------

«Inportanteena da jende honek kantatzea maite duela, eta gogoa izanez gero...»


Igor Arroyo Kantuz Abesbatzako zuzendari berria dugu. Hernanin berria izanagatik, ez du esperientziarik falta; alderantziz, esperientzi handikoa da eta ondo prestatua etorri da.

Berria zara herrian, Igor. Aurkeztu zeure burua.
Beno, jaiotzez donostiarra naiz. Urteak daramatzat abesbatzen munduan. Pianoa ikasi nuen, Donostiako koru askotan ibili naiz, Musikenen kurtso batzuk egin ditut... Sei urte egin ditut Astigarragako abesbatza zuzentzen, Orion bi urte daramatzat. Urrian hasi naiz Kantuz abesbatzan.
Zer behar da abesbatzako zuzendari izateko?
Gogo handia.  Gurea bezalako koru amateur bat zuzentzeko gutxienekoak dira kantatzen jakitea, ahotsaren inguruko teknikak menperatzea, kalterik ez pianoa jotzen jakinda, eta batez ere, taldea eramateko gaitasuna izatea. Horretaz gain, komeni izaten da musika koraleko errepertorioa ezagutzea.
Abesbatzako zuzendari berria izan arren, larunbatean Amaiak zuzenduko du kontzertua. Zergatik?
Santa Zezilia kontzertua egun handia da bazter guztietan. Ni urrian hasi naiz Hernanin, baina ordurako konpromezua hartua nuen  egun honetako Astigarragako abesbatzarekin.
Ba al duzu proiektu berririk?
Lehendabizi zer dagoen ikusi behar da, zein proposamen dauden, urteroko emanaldiak errespetatu egin behar dira, jakina. Nire asmoa da neurri handi batean errepertorioa mantentzea eta zertxobait berritzea; adibidez, udaberrian irteera bat egin nahi dut Iparraldera edo.
Eta zein sentsazio izan duzu orain arte Hernanin ikusi eta entzundakoarekin?
Jendeak ideiak ditu, asko eta onak, eta hori gauza ederra da. Gainera jende asko dago koruan, 40-50 lagun inguru, hori luxu bat  da,  gauzak egiteko aukera zabalagoa ematen baitu. Inportanteena da jende honek kantatzea maite duela, eta gogoa izanez gero... Gainera, oso ondo hartu naute eta oso gustura hasi naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!