Jangela Solidariaren aldeko jaia bihar Chillida-Lekun, Haurren mundu mailako eguna dela eta

Kronika - Erredakzioa 2007ko aza. 24a, 01:00

HAURREN mundu mailako eguna da igandean eta urtero bezala Chillida Leku museoan jardunaldi berezia antolatu dute, haurren eskubideen eta elkartasunaren bueltan. Urtero egun honetan, gobernuz kanpoko erakunde bat gonbidatzen dute, eta aurten Jangela Solidaria erakundearen txanda izan da. Egun honetan museoan biltzen den dirua erakundearentzat izango da. Horrez gain, ekitaldi bat egingo dute eta zenbait enpresek ere donazioak egingo dituzte. Herritarrek ere nahi izanez gero, izango dute laguntza ekonomikoa emateko aukera.

Jangela Solidaria: Etiopiako haurrentzako laguntza
Jangela Solidaria erakundeak Etiopiako Wukro herriko 500 haur umezurtzi jaten emateko dirua biltzea du helburu, besteak beste. Haur horiek Angel Olaran hernaniarrak atenditzen dituen 2.500 haurren artean daude. Xabier Gorostidik azaldu zuenez, Jangela Solidariak egun 290 bazkide ditu eta haiek egiten dituzten aportazioei esker aurrekontuaren %83ra iristen dira. Urtean 104.000 euro biltzen dituzte eta diru hau Etiopiara bidaltzen dute. Kalkulatu dutenez Etiopiako haur bati, egunean hiru aldiz jaten emateak, 0,50 euroko kostua du. Jardunaldi hauek aurrekontuaren %100era gerturatzeko aukera izango dutela ere azaldu zuen.

Giza eskubideekin konpromezua
Luis Chillidak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Eduardo Chillida giza eskubideekin konpromezua izan duen pertsona izan da. Adierazi zuenez, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak konpromezu horri jarraipena eman dio, antolatutako aktibitateen bidez balore hauek transmitituta. Aktibitate hauen artean azpimarratu zuen Haurren mundu mailako eguna, museoak elkartasuna bultzatzeko urtero egiten duen zita baita.

Bihar museoan
-10:00-14:30
Pista jokoa eta opari banaketa 4-7 urteko haurrentzat.


-11:00; 12:00; 12:15; 13:15; 13:00; 14:00
8-12 urte arteko haurrentzat bisita gidatua, euskaraz eta
gaztelaniaz.


-11:00-12:00
‘Elmer, elefantea’ txotxongilo emanaldia.


-12:00-12:30
Txokolatada.


-13:00-14:00
Jangela Solidaria elkarteari dirua emateko ekitaldia.
Hernani Musika Eskolako
musikariek girotuko dute goiza.
Oharra: Sarrerak debalde izango dira 18 urtez azpikoentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!